Oso egun beroak izaten ari dira Nafarroan. Gaur 38 graduko tenperatura maximoak espero dira, eta bihar 40koak izanen dira. Gaur alerta horia aktibatuko dute tenperatura altuengatik Erribera inguruan. Alerta ostegunean zabalduko da Nafarroa osora. Eta beroarekin batera, iritsi dira ere sasoi honetako lehendabiziko suteak.
Atzo Iruñerrian Mendillorri aldean garrak izan ziren, baita Tafalla aldean Añorben ere, baina suterik garrantzitsuena Bardeetan piztu zen, Valtierra aldean. Arratsaldean piztu egin zen eta gaur goizean sua egonkortzea lortu duten arren, ez dago erabat itzalita.
Atzo, 20:17ak aldera, SOS Nafarroako 112 telefonoan jasotako dei baten arabera, uzta biltzen ari zen zereal zelai batean sutea piztu zen, uzta biltzeko makinak eraginda, antza denez. Suak indar handia hartu zuen azkar, eta zuhaitzetara iritsi zen. Ondorioz, hasiera batean Tuterako, Azkoiengo eta Tafallako suhiltzaileak, bi helikoptero eta Noaingo aireportuan basea zuen Azor hegazkina bidali zituzten garrak itzaltzera.
Baina suaren indarra ikusita, Zangoza, Lizarra eta Cordobillako suhiltzaileak ere deitu behar izan zituzten laguntzeko. Zonaldeko nekazarien laguntza ere eskatu egin dute, traktoreekin suebakiak egin eta lurzorua freskatzeko lanetan aritu daitezen. Gaur, haizea gelditzen denean itzuliko dira helikopteroak eremura.
Eguaras barrutia izenarekin ezaguna den eremura zabaldu da sutea, Bardeetako parke naturalaren barruan, balio ekologiko handiko zonaldean. Gaur, sutea erabat itzaltzen denean, kaltetutako zonaldea neurtu eta baloratzea espero du Nafarroako Gobernuak.