Ostiralean hasi zen Erriberriko Antzerki Jaialdiaren 22. edizioa, eta abuztuaren 1era arte, diziplina anitzeko programazioa eskainiko du, musika, poesia, antzerkia eta dantza uztartuz. Xehetasun gehiago eta aste honetako egitaraua bildu ditugu.
Kultura Zuzendaritza Nagusiak Baluarte Fundazioarekin elkarlanean antolatuta,, jaialdiak aurten, Shakespeare, León Felipe edo García Lorca bezalako antzerki klasikoko egileengan, eta aldi berean Raymond Carver bezalako egungo egileengan inspiratutako programa aurkeztuko du, Arimaren bideetan zehar lelopean. Oraingoan, Juan Carlos Rubio da zuzendari gonbidatua.
Nafarroako antzerkia konpainien 11 proposamen daude programazioan, horietako bost Erriberriko jauregiko La Cava agertokian taularatuko dituzte. Hori da oholtza nagusia, eta emoziorako gune bat izango zela adierazi zuen Luis Jimenez Zinemaldiko zuzendari artistikoak, jaialdiaren aurkezpenean. Berrikuntza gisa, Beireko Ezpeleta Jauregia ohiko espazio eszenikoetara batuko da.
Aste honetan, Nafarroako hiru proposamen izango dira La Cava eszenatokian. Amico Teatrok Visiones aurkeztuko du, Zinemaldiaren barruan egoitza artistiko batean egindako ikerketa lanetik sortutako lan intimoa.
El Sol de York konpainiak Dennis Kellyren Chicos y chicas ikuspegi feministako obra eskainiko du, Lucia Mirandaren zuzendaritzapean. Javier Ortiz nafarraren ekoizpena da, Antonia Pasoren interpretazioarekin.
Iluna Produkzioak nafarrek Miguel Goikoetxandiak idatzi eta zuzendutako Vencidos ikuskizuna taularatuko dute, Marta Juaniz, Ana Berrade, David Larrea eta Miguel Goikoetxandia protagonista direla.
Erriberriko Kultur Etxean Nerabezaro sortzailea izeneko mahai-ingurua izango da, Haur eta Gazteentzako II. Dramaturgia Jardunaldien barruan.
Azkenik, aste osoan zehar, Juan Carlos Rubio antzerkigile, gidoilari eta aktoreak Errealitatetik fikziora izeneko dramaturgia tailer praktikoa eskainiko du, Kultur Etxean hori ere. Aktore, zuzendari eta antzerkigileei zuzenduta dago.
Jaialdiko sarrerak online eros daitezke, jaialdiaren zein baluarteren webguneen bitartez; eta baita aurrez aurre ere, Baluarten, eta Erriberriko Turismo Bulegoan.
Erriberri eta Tafallako kultur etxeetako ikuskizunetarako sarrerak Tafallako Kulturguneko leihatilan eta online saltzen dituzte, baita Erriberriko Kultur Etxean ere, antzezpenaren egunean eta 012 telefonoaren bidez.
Gainera, Erriberriko Antzerki Jaialdiak lau eserleku erreserbatu ditu funtzio bakoitzeko, mugikortasun urriko pertsonentzat. Horietan interesa dutenek Baluarte eta Erriberriko txarteldegietan edo 948 066 060 telefonoan erosi beharko dute.