Sarek bizikleta itzulia egingo du ostegunetik larunbatera

Euskalerria Irratia 2021ko uzt. 19a, 07:59

Sare Herritarrak presoen aldeko bizikleta bira prestatu du Euskal Herrian barna, Ibilian-Ibilian etxerako bidean udako kanpainaren baitan. Aste honetan irtengo da elkartasunezko tourra Nafarroatik. Izen ematea oraindik ere irekita dago.

Azken urteetan uztailean Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatu dituen bizikleta itzulia antolatu du Sarek, ehunka pertsona bi gurpilen gainean aldarri baten baitan batuz. Eta aurten ere antolatu dute.

Ostegunetik larunbatera izango da aurtengo bizikleta itzulia. Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko dituzte aurten, iaz egin zuten moduan, segurtasun eta osasun neurriak bermatu ahal izateko, goizetik eguerdira bitarte izango diren hiru etapa independente proposatuz.

  •  Lehena, uztailaren 22an, Garesen hasiko da, Nafarroan, Oionen, Araban, amaituko delarik. 82km.
  • Bigarrena, uztailaren 23an, Bizkaian hasiko da, Sopelatik Mundakara ibilbidea eginez. 43km.
  • Hirugarrena, eta azkena, uztailaren 24ean Zumaian hasi, Gipuzkoan, eta Donostian amaituko da, hiria goitik behera zeharkatuz. 69km.

Aurtengo bizikleta itzulia, Ibilian-Ibilian etxerako bidean udako kanpainaren baitan kokatu dute. Egitasmo horrekin Sarek aurtengo urtean eman diren aldaketa “esanguratsuak” oinarri hartuta, bere estrategia “etxerako bidea” gauzatzean kokatuko duela azaldu zuen.

“Positiboki” baloratzen dituzte emandako pausuak, baina urruntze politika euskal preso guztiak Euskal Herrian izatean soilik amaituko dela nabarmentzen dute. Bi arrazoi nagusigatik: “Espetxe legediak hala adierazten duelako, eta Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumenak eskuratu ostean iragarritako espetxe politika berria euskal preso guztiei ezarri behar zaielako, inolako eszepziorik egin gabe”.

Estrategia honen helburua da, beraz, “urruntze politikarekin guztiz amaitzea, gradu progresioa era normalizatuan gauzatu dadin ahalbidetzea, eta legedia arrunta aplikatuz, euskal presoak dagokien etxerako bidea hartu dezaten urratsak egitea”. Horretarako baldintzak daudela azpimarratzen dute: “Guztien ahaleginez, inor atzean utzi gabe, baldintza horiek baliatu behar ditugu, etapa luze-zahar hau atzean utzi eta berri bati bide emateko”.

Izena emateko aukera zabalik dago, http://sare.eus/bizikleta-itzulia/ web orrialdean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!