Nafarroako Gobernuak 700 milioi euro inbertituko ditu enplegu planean

Euskalerria Irratia 2021ko uzt. 1a, 09:32
Maria Txibite eta CEN, UGT eta CCOOeko ordezkariak, atzo. (Nafarroako Gobernua)

Hamarkada bat baino gehiago da herrialdeak ez duela planik; atzo, baina, CCOO eta UGT sindikatuekin eta CEN patronalarekin sinatu zuen akordioa gobernuak. Nahi izan duena batu dela dio Maria Txibitek, LABek, ordea, “propaganda” salatu du.

Hamarkada bat baino gehiagoren ostean, Nafarroak enplegu plana izanen du. Atzo enplegu plana sinatu zuten Nafarroako Gobernuak,  CCOO eta UGT sindikatuek eta CEN enpresaburuen elkarteak. 2024ra arte 700 milioi euro inbertituko dira.

Maria Txibite Nafarroako presidenteak “mugarri historikotzat” jo zuen akordioa. Lehendakariak esan zuen tresna egokia izango dela pandemiaren eraginei eta etorkizuneko produkzio ereduen aldaketari aurre egiteko .

Dirua Nafarroako aurrekontuetatik eta Europako Batasuneko laguntzetatik helduko da, baina oraingoz ez dute zehaztu gobernuak zer kopuru jarriko duen.

Nafarroako bosgarren enplegu plana izanen da. Baina ez du sindikatu guztien babesik edukiko. Gizarte elkarrizketaren kontseiluan izan da negoziazioa, eta ELAk eta LABek ez dute parte hartu, organo “antidemokratikotzat” dutelako, besteak beste. Horri buruz galdetuta, Txibitek esan zuen “hor egon nahi izan duten sindikatuak” hor daudela, eta ez dutela inor baztertu.

Ohar bidez, haatik, LABek salatu du betoa jarri zaiela sindikatuei. Gizarte elkarrizketaren kontseiluaren ordezkaritza sindikala ez da iristen %50era, CCOOk eta UGTk ez dutelako gehiengorik.

Sindikatu abertzalearen ustez, akordioak ez du jasotzen prekarietatea amaitzeko eta enplegu duina bermatzeko neurririk eta ohartarazi dute erne egongo direla sindikatuen finantzaketa iturri bihurtu ez dadin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!