Mugimendu feministak salatu du Martxoaren 8an pairatutako "errepresioa"

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 30a, 12:49

Mugimendu feministako kideak, gaur, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean.

Martxoaren 8an Foruzaingoak erasotu egin zuen emakume bat, eta gaur epailearen aurrean deklaratu behar izan du, autoritatearen aurkako atentatu delitua egotzita. Elkarretaratzea egin dute Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean.

Nafarroako mugimendu feministak elkarretaratzea egin du Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean, Errepresioaren aurrean autodefentsa feminista lelopean, han deklaratu behar izan duelako Martxoaren 8an atxilotua izan zen emakume batek. Hare kideen txalo eta oihu artean sartu da emakumea epaitegian.

Nafarroako Parlamentuaren aurrean protesta ekintza egin zuten: lau emakume kateatu zituzten. Horren ondoren, Foruzaingoa emakumeekin oldartu zen, eta haietako bat atxilotua eraman zuen. Horrez gain, bi pertsonak mediku arreta jaso behar izan zuten, eta lauk isun proposamena jaso zuten.

Salatu dute haien ekintza "baketsua" izan zela, eta poliziaren errepresioa, berriz, "ikaragarria". "Gure kide bat agintearen aurkako atentatua egotzita atxilotu zuen arren, baina han zeuden komunikabideek jaso zuten hori ez zela hala izan", nabarmendu du Amaia Zubieta Nafarroako mugimendu feministako kideak. "Poliziak egin zuena ez du izenik". 

Argi dute prozesu judizialaren atzean mugimendua "kriminalizatzeko eta erasotzeko ahalegina" dagoela.

Elkarrizketarako borondatea

Azaldu dutenez, hilabete hauetan saiatu dira Nafarroako Gobernuarekin elkarrizketarako bidea zabaltzen, baina poliziarekin harremanetan jartzen dituztela zehaztu dute.

Nafarroako mugimenduko kideek argi utzi dute ez dutela onartuko inolako errepresio ekintzarik haien ekintza eta militantzia politikoaren aurrean.

Erakundeei eskatu diete mugimenduaren proposamen eta eskaerak entzun ditzatela, eta hitz baikorretatik harago, urratsak egin ditzatela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!