Kasuen artean, gobernuak zehaztu duenez, apurka apurka Indiar edo delta aldaera zabaltzen ari da. Hala baieztatu zuen atzo Santos Indurain kontseilariak. Nafarroako kasuen %8 Delta aldaerakoa izan daitekeela azaldu du Indurainek, baina horrek ez du esan nahi bertan hedapen zabalagoa duenik. Nafarroako sekuentziazio ahalmena handia dela nabarmendu dute gobernutik.
Txertaketa kanpainak erritmo bizia hartu du. Nahiz eta, atzo, arazo informatiko batek ilara luzeak sortu zituen NUPeko kiroldegian txertoa hartu behar zutenen artean. 39 urtetik beheragokoak ari dira lehendabiziko dosia jasotzen egunotan, uztaila hasieran 50 urtetik goragokoen bigarren dosiak jarriko dira eta Santos Indurain kontseilariak iragarri duenez, uztaila bukaeran, 29 urtetik beheragokoak deitzen hasiko dira.
Deialdi berezia eginen da datozen asteotan, Erasmusera Nafarroatik kanpo doazen ikasleei orain lehen txertoa jartzeko.