Koronabirusak 42 infekzio kasu berri utzi zituen atzo Nafarroan, Osasun Departamentuaren behin-behineko datuen arabera. Igandean baino hamahiru gehiago dira, eta aurreko asteleheneko 38 kasuen eta duela hamalau eguneko 32 kasuen gainetik daude. 1.364 proba egin zituzten atzokoan, eta positibo tasa, beraz, %3,1ekoa da. Astea %10eko positiboen gorakadarekin hasiko da.
Atzo Iruñeko Azpilagaña auzoa izan zen kasu gehien pilatu zituena: lau. Ondoren, Zizur Nagusia eta Txantrea ageri dira zerrendan hiruna kasurekin, eta Andosilla, Lizarra, Martzilla eta Arrosadia auzoa, binarekin. Iruñean hamabi positibo atzeman ziren osotara.
22 pertsona daude ospitalean Covid-19rekin; horietako zazpi ZIUan daude, eta paziente bat etxean ospitaleratuta.
Bien bitartean, txertaketak abiadura bizian jarraitzen du aurrera. Hori da normaltasuna berreskuratzeko itxaropena. Aste honetan 53.000 dosi emanen dituztela aurreikusi du gobernuak; dagoeneko, hamar biztanletik lau daude immunizaturik.
Honek eta bilakaera epidemiologikoak baldintzatuko dute uda. Gaur prentsaurrekoa eskainiko du Nafarroako Gobernuak uztailean indarrean izanen diren neurri murriztaileen berri emateko.