Geroa Baik dio balitekeela urritik aurrera jardunaldi etena egotea Nafarroako ikastetxeetan

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 29a, 07:03
Uxue Barkos, atzo, Nafarroako Parlamentuan. (Nafarroako Parlamentua)

Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak parlamentuan adierazi du balitekeela datorren ikasturtean jardunaldi zatitua izateko aukera zabaltzea, hala adosten duten ikastetxeetan, jantokien araudia egokituta.

Udaren ondotik iritsiko da ikasturte berria, eta aldaketak izan daitezke COVID-19aren aurkako protokoloan. Ez du gobernuak iragarri, ordea: Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak egin du parlamentuan. Adierazi du balitekeela datorren ikasturtean jardunaldi zatitua izateko aukera zabaltzea, hala adosten duten ikastetxeetan, jantokien araudia egokituta.

Foru Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordearen amaieran, adierazi du guraso elkarte ugarik eskatu dutela datorren ikasturtean jarduera zatitua izateko aukera zabaltzea, hala erabakitzen duten lekuetan, betiere pandemiak horretarako aukera ematen badu.

Horretarako, eskola jantokietako arauak egokitu beharko lirateke. Esan duenez, "jantokietako araudia egokitu liteke, Hezkuntza Departamentuak eskaera horiei erantzuteko baldintzak ezartzeko".

Aukera horren inguruan, Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak esan du, besterik gabe, horri Hezkuntza kontseilariak erantzun beharko diola.

Hezkuntari lotuta, halaber, Uxue Barkos eta Bakartxo Ruiz eledun parlamentarioek nabarmendu dute irtenbide bat eman zaiela D ereduan ikasteko, Tafallatik eta Pirinioetatik Iruñera joan behar duten Batxilergoko ikasleei.

Hala ere, EH Bilduko bozeramaileak ohartarazi du "albiste on hori familien mobilizazioaren ondorio" dela. Irtenbide puntualaz gain, departamentuak egiturazko konponbidea bermatu behar duela gaineratu du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!