Pasa den urteko uztailaren 16tik erregistratzen den koronabirus kasu kopururik baxuena azaldu da azken orduetan Nafarroan. 29 positibo antzeman zituzten atzo, igandean egindako 726 PCR eta antigenoen testetan. Positibo tasa %4koa da.
Astea, aurrekoarekin alderatuta, berriz ere jeitsierarekin amaitu da: kasuek %7 egin zuten behera astelehenetik igandera. Honenbestez, intzidentzia 90 kasutatik behera kokatuko da gaurkoan 100.000 biztanleko, hamalau egunetan.
Atzo atzemandako koronabirus kasu berrien artean, Tutera azaltzen da herrien zerrenden goiko aldean, lau pertsonak eman zuten positibo bertan, lau ere izan ziren Barañainen, atzetik datoz Iruñeko Txantrea auzoa eta Azpilagaña.
Ospitaletako pesioa bere horretan mantentzen da, kontutan izanda aste bukaeratan oso senda agiri gutxi ematen direla. 21 nafar daude ingresatuta gaitzarekin une honetan, horietatik zazpi zainketa intentsiboetako unitatean daude, larri.
Atzo ere ez zen inor hil koronabirusarekin, azken bost egunetan bezala.
Txertaketa prozesuak abiada bizian aurrera jarraitzen du, 39 urte beheragokoak hasi dira lehen dosiak jartzen: 50.000 inguruk jaso zuten dosia pasa den astean, eta aste honetan 90.000ri jartzea espero da.