LABek eta Riders x Derechos plataformak "antolatzera" deitu dituzte 'rider'-en sektoreko langileak

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 25a, 11:20

Azkenaldian zenbait lorpen erdietsi dituzte 'rider'-en sektorean, baina ohartarazi dute kaleratzeak eta jardunaldien murrizketak ere egon daitezkeela, eta borroka sindikalaren garrantzia nabarmendu dute.

Autonomo faltsuak, ziurgabetasuna, epaiketak, sententziak, Riderren legea… Bizikletako banatzaileen sektorean mugimendu garrantzitsuak jazotzen ari dira azkenaldian, eta testuinguru honetan, LABek eta Riders x Derechos taldeak antolakuntzaren beharra aldarrikatu dute.

Izan ere, borroka kolektiboari esker lorpen txiki batzuk erdietsi dituzte dagoeneko, hala nola soldatapeko langileen izaera frogatzen duten sententziak. Sententzia hauek hainbat ondorio dituzte jadanik: autonomoenkuoten itzulpenak, lan izaeraren aitortza, berronartzeak... Sententzien erabakiak aplikatzeko beharrezkoa da hainbat mugimendu egitea eta horri erantzuten diote LAB sindikatutik sortutako eman beharreko pausuen azalpen bideoa (https://www.youtube.com/watch?v=18-chUFOQzA&t=21s) edo BiziLan plataforman irekitako sarrera. Riders por Derechos Plataformatik eta LAB sindikatutik dei egiten dizuegu pausu hauek ematera. Adibidez, sail sindikaleko bi kidek 3.000 eta 7.000€ko autonomo kuoten itzulera jaso dute.

Lorpenak lorpen, hau "borrokaren hasiera" baino ez dela diote. Aurreikusten dute abuztuan kontratuak erregularizatuko direla, eta ostean, kaleratzeak zein jardunaldien murrizketak egon ahal direla, enpresak saiatuko direlako ekiditen egun lanean dauden langile guztien kontratazioa.

Era berean, urtarrilean ireki beharko diren Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako ostalaritzako hitzarmenetan, puntu nagusi batzuk defendatuko dituzte. Honakoak:

• Riderrak hirugarren kategoria edo taldean txertatzea. Honek suposatuko luke, herrialdearen arabera, 18.700€ eta 21.500€ arteko urteko soldata, jornada osoan lan eginez gero, eta 1.723 eta 1.750 ordu arteko urteko lanaldia.
• Subrogazioa txertatzea
• Riderren lan espezifikoari erantzuten dion erregulazioa txertatzea langileon babesa
handitzeko

LABeko eta Riders x Derechos Plataformako kideek ziurtatu dute baliabide guztiak jarriko dituztela langileen bizi baldintzak hobetzeko bidean. Eta antolatzera eta sail sindikalak sortzera animatu dituzte sektoreko langileak; urgentziazkoa baita egoera lehen bai lehen erregularizatzea, eta errealitateari egokituko hitzarmenak garatzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!