Nafarroan 41 COVID-19 kasu berri erregistratu zituzten atzo, asteazkenarekin, 1.423 proba egin eta gero. Aurreko eguneko igoeraren ostean, zeinean 59 positibo izan ziren, Foru Erkidegoa eguneko 50 positiboren azpitik dago berriro. Duela astebeteko eta duela bi astetako datuekin alderatuta, beherakada txiki bat izan da: deula zazpi egun 46 izan ziren, eta duela hamalau, 49.
Aste hau 50 kasu baino gutxiagorekin hasi zen, astelehenean 38 pertsona baino ez baitziren kutsatu, baina asteartean 59 izan ziren. Aste honetan kasuak %1 jaitsi dira momentuz. Halaber, zazpi eguneko intzidentzia metatua 47tik 46ra jaitsi da, eta hamalau egunetakoa, 98tik 97ra.
Txertaketa datuak
Txertoak oso zenbaki positiboekin jarraitzen du aurrera: 220.000 nafarrek dituzte dagoeneko bi dosiak, eta, adituen arabera, txertoaren eragin zuzenaren ondorioz 1.000 infekzio sintomatiko, 500 ospitaleratze, ZIUko 40 ospitaleratze eta 200 heriotza baino gehiago saihestu dira.
Hala ere, Osasun Publikoko Institutuak ohartarazi duenez, bi dosiak dituzten pertsona batzuk berriro infektatu dira koronabirusarekin: aurten Nafarroan txertoa hartu duten pertsonen artean 290 positibo, 29 ospitaleratze, ZIUko ospitaleratze bat eta 11 heriotza baieztatu dira, gaitz honen ondorioz. Azken horien kasuan, seik 90 urte baino gehiago zituzten eta lauk 80 baino gehiago, baina ez da zehaztu pertsona horiek guztiek babes osoa ziurtatzeko behar den bigarren dosia jaso zutenetik hamalau eguneko epea bete zuten.
Osasun Publikoko Institutuaren txosteneko datuek erakusten dute txertoen eraginkortasuna Nafarroan %43koa dela dosi batekin eta %80koa pauta osoarekin, kasu sintomatikoak prebenitzeari dagokionez; eta % 73koa dosi batekin eta % 89koa txertaketa osoarekin, ospitaleratzeak prebenitzeari dagokionez.