Emakume bat deklaratzera deitu dute, M8an parlamentuan egindako ekintzagatik

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 18a, 11:54

Autoritatearen aurkako atentatu delitua egozten diote. Horren aurrean, Nafarroako mugimendu feminista batuta azaldu da gaur emakumeari babesa agertzeko eta "errepresio polizial eta politikoa" salatzeko. Ekainaren 30ean elkarretaratzea eginen dute, Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean.

Mugimendu feministako lau kide Nafarroako Parlamentuko leihoetara kateatu ziren, Martxoaren 8an, eta isun proposamena ezarri zieten mozal legean oinarritua. Ekintzaren ondoren protestariei oldartu zitzaien Foruzaingoa, bi zauritu zituzten eta deklaratzera deitu duten emakumea, atxilotu.

Auzitegitik igaroko den emakumeari elkartasuna azaldu diote, gaur, mugimendua osatzen duten talde guztiek era bateratuan, erasoa guztiei egin zaiela zehaztuz: “Jardun politiko feministaren aurkako eraso hau salatzen dugu, errepresio polizial eta politikoa dena”.

Kateak eraman dituzte berriro parlamentuaren aitzinera, errepresioaren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzeko. Nafarroako Gobernuak premiazko proposamen eta neurriak hartzea eskatzeko egin zuten martxoko ekintza, mugimendu feministaren bilerei uko egin dielako exekutiboak. “Feminismoarekin eta bizitza duinarekin duten konpromisoa benetakoa bada, ez dugu ulertzen zergatik presidenteak eta bere gobernuak ez duen bere komunitateko mugimendu feministarekin bildu nahi”, argitu dute.

Azken gertakariak gaitzesteko ekainaren 30ean elkarretaratzea eginen dute , Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean, 9:30ean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!