Euskal presoen hurbilketa eskatu dute hainbat enpresatako komiteek

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 17a, 14:58

Nafarroako hainbat enpresatako komiteek Sare Herritarrak aurkeztutako manifestu bat sinatu dute. Euskal presoen hurbilketa prozesua burutzeko eskatu dute, eta salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko. Sarek uztailaren 3rako deitutako mobilizaziora batzeko deia ere egin dute.

Testua sinatu duten batzordeen artean daude Xilema, Kasedako zaharren egoitza, Tasubinsa, Elkarkide edota San Fermin Ikastolakoak. Azken hilabeteetan espetxe politikan egindako aldaketen garrantzia aitortu dute, eta itxaropena dakarren pausu bat dela adierazi dute. Garrantzitsutzat jo dute, gainera, aldaketa horretan lagundu duten gehiengo sozial eta politikoak nabarmentzea, ahurrera egiten jarraitzeko beharrezkoak direlako.

Prozesu horretan aurrera egiteko, espetxe politikaren arloko eskumenak dituzten agintariei lau eskaera egin dizkiete.

Zehazki, eskatu dute euskal presoen hurbilketa prozesua burutzea, guztiak gizarte eta familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetan egon daitezen; euskal preso guztiei salbuespenean oinarrituta ez dagoen espetxe politika bat ezartzea, adin nagusikoak eta eritasun larriak dituztenak lehenbailen askatzea, eta pandemiari lotuta hartu diren neurriak moldatzea, nazioarteko erakundeen gomendioak betetzeko.

Sarek uztailaren 3an egingo duen mobilizazioan bat egiteko deia ere egin dute. Arratsaldeko 18:00etan izango da mobilizazioa, Ziudadelan, Ibilian-ibilian etxerako bidean lelopean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!