Egitasmoak zuzeneko musikaren programazioa bultzatu nahi du, Nafarroa osoko espazio eszenikoetan, eta, aldi berean, foru erkidegoko talde berriei aukerak eman nahi dizkie.
Egitaraua osatzeko, 25 talde eta artista aukeratu zituzten, hainbat estilori lekua eginez, tartean, popa, rocka, trapa edo flamenkoa. Aukeraketa hori programaren emanaldietako bat izateko interesa zuten udalei helarazi zieten, eta beraiek izan dira, beren herrian arituko den talde edo artista aukeratu dutenak, baita data ere.
Talde bakoitzak gehienez bi emanaldi eskainiko ditu, ahalik eta talde gehienek parte har dezaten. Parte hartzaileen artean egongo dira, besteak beste, Ibil Bedi, Moisés No duerme, Chill Mafia, Hagoan, Suakai, Lemon eta Tal edo Los Flamingos.
Kultura departamentuaren arabera, “musika sektore estrategikoa da, eta programa hau horren erakusle da; lurralde-ikuspegiarekin sortu delako, lurralde osoko herrietara eta askotariko publikoetara kulturarako sarbidea bermatzearen aldeko lanarekin koherentzian”. Aldi berean, musikan ibilbide laburra egin duten profesional nafarrei laguntzeko apustua da
Kontzertuen programazioa zikloaren kartelean txertatuko den 'QR' kode baten bidez kontsultatu ahal izango da, eta baita culturanavarra.es webgunean ere.