Unibertsitaterako sarbideko matematika azterketako akatsak hainbat ikasle kaltetu dituela salatu dute

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 15a, 13:26

Nota igo nahi dutenei aukera eman diezaietela eskatu diete Lizarraldea Institututik Hezkuntza kontseilariari, hezkuntza zuzendari nagusiari, selektibitateko Matematikako koordinatzaileari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari.

Ana Zabalza, unibertsitatean sartzeko hautaprobaren koordinatzaileak, onartu egin zuen Matematika azterketan akats bat egon zela, eta epaimahai batzuetan berandu jakinarazi zenez, ezin izan zutela konpondu; eta hortaz, azterketa batzuk ongi zeudela, eta beste batzuk ez. Hark zehaztu zuen ikasleren batek akatsa zuzendu gabe ebatzi bazuen ariketa, hura ere baliozkotzat joko zela.

Lizarraldea institututik, ordea, diote, bi akats izan zirela, eta ikasle batzuen emaitzetan eragina izan duela. Iker Ozaeta irakasleak egin du salaketa. Horregatik, eskaera bat bidali diete Hezkuntza kontseilariari, hezkuntza zuzendari nagusiari, selektibitateko Matematikako koordinatzaileari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari.

Proposamena honakoa da: proben egunetan COVID-19a diagnostikatuta izategatik edo berrogeialdian egoteagatik isolamenduan zeuden eta behar bezala justifikatu zuten ikasleek azterketak beste egun batean egin ahal izango dituztenez, deialdi hori aprobetxatzea, eta nota igotzea komeni zaien ikasleak aurkeztea, matematikako azterketa berriro eta akatsik gabe egiteko.

Momentuz ez dute erantzunik jaso, eta badakite zaila izango dela baiezkoa jasotzea, baina uste dute ahalegina egin behar dutela, ikasleek asko baitute jokoan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!