Astelehen Lilak elkarteak sexu indarkeriaren biktimentzako zentro bat sortzeko eskatu du

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 15a, 07:47
Astelehen Lilak elkarteko kideak, elkarretaratze batean, artxiboko irudi batean.

Elkarteak indarkeria matxistari buruzko hausnarketa bat bultzatu du, Nagore Laffageren hilketaren 13. urteurrenaren karietara. Espainiako Berdintasun Ministerioarekin bildu dira berriki. 

Astelehen Lilak taldeak sexu indarkeriaren biktimentzako larrialdiko arreta zentro bat sortzeko eskatu du, eta Nagore Laffageren izena jar diezaiotela. Hala jakinarazi zuen atzo Tere Saez elkarteko bozeramaileak, elkartearen sorreraren eta Laffageren hilketaren 13. urteurrena dela eta, datozen asteotan egingo dituzten ekintzen berri emateko antolatutako prentsaurrekoan. Era berean, indarkeria matxistaren aurkako borrokan gaur egun egin diren aurrerapausoak nahikoak ote diren hausnartu nahi dutela azaldu zuen. 

Tere Saezek salatu duenez, Nafarroan ez dago oraindik sexu indarkeriari arreta integrala emateko zentrorik, "benetan gai horretan espezializatuta". Espainiako Estatu Itunaren dirua izango duen zerbitzua gogorarazi du, eta hori dela eta, "premiaz" egin behar dela.
 
Lehen zentro horrek Nagore Laffageren izena eramatea eskatu dute Astelehen Lilak-etik; izan ere, indarkeria mota horren biktima bakarra ez den arren, garrantzitsua da "erreferenteak" izatea.
 
Elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, duela gutxi Espainiako Berdintasun Ministerioarekin eta Genero Indarkeriaren Ordezkaritzarekin bilera batera deitu dituzte, "indarkeria matxista eta bikarioaren aurkako borroka erraztuko duten irtenbideak emateko".
 
Ekarpenen artean, administrazio publiko guztiek adostutako prebentzio programa baten garapena nabarmendu dute, "benetako detekzioa" landuko duena. "Izan ere, emakumeen %80k baino gehiagok ez dute salaketa ofizialik egiten eta banaketaren bidea erabiltzen dute egoera honetatik ateratzeko, ez dutelako salaketarik jarri nahi, seme-alabengatik", azpimarratu du Saezek.
 
Nagore Laffageren hilketaren 13. urteurrena dela eta, hainbat jardunaldi eta ekitaldi egiten ari da elkartea; besteak beste, hitzaldiak eta mahai inguruak. Halaber, urtero bezala, datorren uztailaren 7an Nagore Laffageren omenezko ekitaldia egingo dute, Iruñeko Vinculo plazan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!