Aste honetan Nafarroako Gobernuak 40.000 txerto jartzea aurreikusten du; hala, erabateko babesa duten nafarren kopurua 200.000 izanen da. Talde immunizazioa %30aren inguruan egonen da. Gutxienez, nafarren erdiak jaso du dagoeneko dosi bat. Atzo Pfizer eta Modernaren 22.000 txerto jaso zituen foru erkidegoak, ikusteke dago Janssen eta AstraZenecaren aldetik zenbat iristen diren.
Une honetan 40 eta 49 urte bitartekoak ari dira lehendabiziko dosia jasotzen, eta 50 urtetik goragokoak bigarren txertoa jasotzen ari dira, beren immunizazioa ere datozen egunotan erabat ixteko.
Era berean, 1979-1980 urte bitartean jaiotako nafarrei ari zaizkie txertoa jasotzeko hitzordua ematen; alegia, 41 eta 42 urtekoei. Maria Txibite presidenteak aurreratu zuenez, 39 urtetik beheragokoei ere, datozen egunotan eginen zaie deia, uztailean beren txertaketa “masiboa” egiteko.