Maskararen erabilera uztailean lasaitzea aurreikusten du Txibitek

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 14a, 11:59

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak azaldu duenez, uztailean zehar kanpoan maskararik gabe egoteko aukera egongo litzateke, betiere Covid-19aren aurkako txertaketa prozesuaren aurreikuspenak betetzen badira.

"Kanpoan maskara kentzeko irrikan gaude denok, eta agerian geratu da kanpoaldea giro seguruagoa dela. Uztaileko apustuaren alde egin genezake, baina txertaketarekin aurrera nola egiten dugun eta gorabeherak nola doazen ikusi behar da ", esan du, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.

Gainera, Txbitek zehaztu duenez, maskararen erabilera arautzea Estatuko lege baten menpe dago, eta Espainiako Gobernuak onartu beharko luke erabakia. "Txertaketa aurreikuspenek horrela jarraituz gero, uztailean izan liteke", adierazi du, eta Osasun Sailaren Lurralde Arteko Kontseiluan gai horri heltzea komeniko litzatekeela gaineratu du, bertan Autonomia Erkidego guztiak ordezkatuta baitaude.

Pandemiaren bilakaerari dagokionez, Txibitek "okerrena" pasa izana espero du, baina oraindik "kezka" sor dezaketen gaiak daudela gaineratu du, aldaera berriak, esaterako. Nolanahi ere, "txertaketak funtzionatzen du, 60 urtetik gorakoen kasuan intzidentziak ia zero dira", azpimarratu du. "Ospitaleko okupazioak kezkatu behar gaitu, ez da %2ra ere iristen. Datu onak dira, baikortasunera gonbidatzen dutenak", azpimarratu du.

Ildo horretan, azken astean 42.000 pertsonari jarri diete txertoa Nafarroan, eta, azaldu duenez, erkidegoko zenbait eremutan 40 urtetik beherako pertsonak hasi dira txertoa jasotzen, baina 30-39 urteko taldearentzako zitazioa uztailean orokortuko dela iragarri du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!