Apustu-etxeen nafar araubidea prestatzearen alde azaldu da Nafarroako Parlamentua

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 11a, 07:51

Apustu-etxeen nafar araubidea prestatzeko ponentziaren ondorioen txostena onetsi du parlamentuak. Prebentzioan eta formazioan eragina izango duen araudi berri bat planteatzen da, administrazioaren zeregin aktiboagoarekin batera, kolektibo ahulenak babesteko

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordean sortutako “apustu-etxeen nafar araubidea prestatzeko” ponentziaren ondorioen txostena onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin eta EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren abstentzioekin.

Txostenak Navarra Suma, PSN eta Geroa Baik adostutako ekarpen guztiak biltzen ditu, eta hainbat iradokizun jasotzen ditu jokoarekin lotutako hainbat alderdiri buruz (prebentzioa, formazioa, publizitatea, lokalen baldintzak, distantziak). Gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen du fiskalitateari buruzko berariazko azterlan bat egin dezan eta joko-lokaletan edari alkoholdunen kontsumoa debekatzeko aukera azter dezan.

Kirol-apustuetarako lokalei dagokienez, txostenak planteatzen du establezimenduen (etxeak eta joko-dendak) arteko distantzia ez dadila 300 metrokoa baino gutxiagokoa izan. Gutxieneko distantzia bera eskatzen du edozein mailatako ikastetxe, gazteleku, hezkuntza- edo kirol-instalazio eta tratamendu- eta errehabilitazio-zentroekiko, “eta udalerri bakoitzak distantzia hau handitzeko aukera izanen du".

Baimendutako ostalaritza-establezimenduek apustu-makina bakarra instalatu ahal izango dute, sari programatua duten B motako joko makinaz gain. Partidaren prezio mugatu baten truke, erabiltzen edo jokatzen denboraldi zehatz bat ematea eta noizean behin sari mugatu bat dirutan lortzea ahalbidetzen dutenak dira makina hauek.

Apustu-makinak, erabiltzen ez direnean, desaktibatuta egongo dira, eta urrutiko kontrol bidezko aktibazio- eta desaktibazio-sistema bat izan beharko dute, adingabeek eta jokoa debekatua duten pertsonek erabil ez ditzaten. Epe bat ezarriko da tresna hori ez duten establezimenduek tresna eskura dezaten.

Debekatuta izanen da horrelako makinak jartzea terrazetan, bide publikoetan eta lokalen kanpoaldean. Baita barruan ere, baldin eta tabernak edo kafetegiak ikastetxe, osasun-zentro, gizarte-zentro, gazteleku eta kirol-instalazioetan badaude. Lokaleko arduradunek izango dute arauak betearazteko erantzukizuna.

Bestalde, apustu-lokalek gutxienez 50 metro karratuko azalera izango dute, eta errotulu edo afixa bat jarri beharko dute adieraziz debekatuta dutela adingabeek eta debekuen erregistroan inskribatutako pertsonek apustuetan parte hartzea. Era berean, argi eta garbi azaldu beharko da apustu-jokoen gehiegizko praktikak mendekotasuna sor dezakeela.

Prebentzio-neurriak formazioaren esparrura iristen dira, droga-mendekotasunak prebenitzeko programa nazionalaren ildo berean, aurrerapausuak eman nahi baitira sektorean. Esparru horretan, apustu-establezimendu eta -enpresetako langileek formakuntza-plan bat egin dezaten proposatzen da. Plan horrek, Osasun Publikoaren ikuskaritzarekin, joko seguruari eta arrisku-portaerei buruzko informazioa eta laguntza eskaini beharko du, baita horiek detektatzeko tresnak ere.

Horri dagokionez, gomendatzen da, alde batetik, Gizarte Errealitatearen Behatokiari Nafarroan ludopatiaren egoerari buruzko urteko azterlan bat egin dezan eskatzea eta, bestetik, Nafarroako Jokoaren Kontseiluaren jarduera sustatzea.

Ponentziaren txostenak, halaber, joko- eta apustu-jardueren publizitatea, laguntza eta promozioa ere jorratzen du, eta ezartzen du, besteak beste, aldez aurreko administrazio-baimena beharko dela legea betetzen dela ziurtatzeko, baita joko moderatua eta ez-konpultsiboa sustatzeari dagokionez ere.

Ez da komunikazio komertzialik baimenduko, baldin eta jokamolde zentzugabea, adikziozkoa edo patologikoa bultzatzen badute, edo jokoan parte hartzen dutenei mailegu-eskaintzak edo beste edozein kreditu-modalitate aurkezten badizkiete.

Era berean, kirol-klubei apustu-enpresen laguntza debekatzea eta Nafarroan finantzaketa publiko osoa edo partziala duen edozein kirol-jardueratan apustuen publizitateari betoa jartzea eskatzen da. Hortaz, kirol-jarduerek ezin izango dute diru-laguntza publikorik jaso, baldin eta osorik edo zati batean lagunduta badaude jokoarekin zerikusia duten enpresengatik edo enpresa hauen publizitatea egiten badute.

Testuinguru horretan, jokoarekiko adikzioa edo osasun mentaleko arazo larriak dituzten pertsonen hezkuntza, osasun, kirol, kultura, jolas, egoitza edo errehabilitazioko zentroetatik 300 metro baino gutxiagora dauden euskarrietan publizitatea egiteari uko egiten zaio.

Oro har, etxera bidaltzen den publizitatea debekatzearen alde egiten da, posta, telefono edo bitarteko telematikoen bidez helarazten dena barne. Halaber, Nafarroako egunkari, aldizkari edo edozein komunikabidetan publizitatea debekatzea eskatu dute, baita Foru Erkidegoan dauden irrati eta telebistetan ere, 01:00etatik 05:00etara izan ezik, hori baita propaganda mota horri irekitako tarte bakarra.

Bestalde, txostenaren arabera, Autonomia Erkidegoko Erregistroko inskripzio-baldintzak eta Jokorako Sarbideko Interdikzioen Erregistro Orokorrean (RGIAJ) indarrean daudenak parekatu behar dira, eta bi inbentarioak automatikoki konektatu behar dira.

Azkenik, zehazten da Tokiko Administrazioen jarduketa-esparrua –distantziak, gutxieneko baldintzak, etab- foru araubideak ezarritakoari lotuta dagoela.

EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren ekarpenak ondorioen txostenetik kanpo geratu dira, baina boto partikular gisa mantendu dira Osoko Bilkuran mantentzeko. Baztertu egin dira osoko bilkuran ere, Navarra Suma, PSN eta Geroa Bairen aurkako botoekin.

Hiru taldeen proposamenak "kontsumitzaileen defentsa eta kolektibo ahulen, bereziki adingabeen babesa bermatzeko" neurriak hartzeko orduan apur bat urrunago doaz.

Jokoa, zenbakitan

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (ISPLN) emandako 2018 eta 2019ko datuen arabera, 14 eta 18 urte bitarteko nafarren %28k onartzen du joko-lokaletan edo tabernetan kirol-apustuak egin izana, eta %11k aitortzen du dirua online jokatu duela. Hala ere, aipagarriena da apustuen kontsumoak gora egiten duela 17-18 urterekin, eta %40 ingurukoa dela joko presentzialean eta %16koa online modalitatean.

Azken urteotan, beraz, jokoa areagotu egin da gazteen eta helduen artean, bai era presentzialean, bai online. Ildo horretan, ikusten da Internetek dimentsio berria eman diela ausazko jokoei, bereziki kirol-apustuei. Iristeko erraztasuna, anonimotasuna eta berehalakotasuna dira kontrolik eza errazten duten eta jokoan hastearen eta mendekotasunaren garapenaren arteko bidea bizkortzen duten elementuak.

Drogen Plan Nazionalaren baitan egindako inkestaren arabera, joko problematikoak 15 eta 64 urte bitarteko mila pertsonatik lauri eragiten die. Datu horiek Nafarroara estrapolatuz, esan nahi du 1.600 pertsona inguru daudela egoera horretan (normalean jokatzen dutenen %15), eta horietatik 1.200 ludopatian erori direla (%9). Hortik ondorioztatzen da ez dela kasualitatea OMEk ludopatia jokabide-nahasmendu gisa onartu izana.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, bestalde, jokoaren lokaletan kontsumitzen den alkoholari buruz ere ohartarazi du, "pertzepzioa eta erabakiak hartzea aldatzen" laguntzen duelako.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren 2020ko Jokoaren Memoriak agerian uzten du Nafarroako gizarteak jokora bideratzen duen dirua nabarmen handitu dela. Hori horrela, 2013-19 aldian jokatutako diru kopurua 294,48 milioitik 368,64 milioira pasa da, eta apustuena izan da igoera handiena (%117,52).

Apustuak Nafarroan jokora bideratutako diru kopuru osoaren %25 dira, eta sektore pribatuak jasotzen du gehiena, %65,80 2019an. Kudeaketa pribatuko jokoen diru-sarrera %38,2 handitu da 2013 eta 2019 artean (67,18 milioi), eta %5,9 2018an. Urte horretan, ordainarazpenak goia jo zuen, apustuek izandako bultzadaren ondorioz (2017an baino % 7,11 gehiago bildu zen), eta, neurri txikiagoan, joko-makinen igoeraren ondorioz (%4,40 igo ziren).

2020ko abenduaren 31n, Nafarroan 72 lokal zeuden ustiatuta, 11 apustu-etxe eta 58 joko-areto, bai eta apustu-makinak ustiatzeko 925 baimen ere.

Ikuskapenei dagokienez, Foruzaingoaren Joko eta Ikuskizun Brigadak egiaztatu du apustu-dendek eta joko-aretoek sarbiderako kontrol-neurri zorrotzak aplikatzen dituztela, eta adingabeak sartzea eragozten dutela. Tabernetako eta hotel-establezimenduetako apustuak kontrolatzeko zailtasunak direla eta, arduradun askok ikastetxe eta institutuetako jolas-orduetan terminalak baliogabetzen dituzte. Hortik guztitik ondorioztatzen da ikuskapen-lanek beren funtzioa betetzen dutela.

Kirol-apustuen jarduerengatik aitortutako diru-sarrerei dagokienez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak goranzko diru-sarrerak aipatzen ditu, 2020an izan ezik, pandemiaren ondorioz. Hala, 2016an, aitortutako errentak 10.073.426,48 eurokoak izan ziren; 2017an, 11.895.317,94 eurokoak; 2018an, 13.285.289,45 eurokoak; 2019an, 13.900.785,85 eurokoak; eta 2020an, 10.967.391,14 eurokoak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!