52 positibo berri atzeman dituzte, eta tasa %2,5ean dago

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 9a, 09:49

Azken egunean 6.247 txerto jarri ziren, eta dagoeneko baziren 50.000 txertoei, Modernak bidalitako beste 4.300 dosi batu zitzaizkien atzokoan; beraz, aste honetan ere txertatze maila altua izanen da.

Azken egunean 52 COVID-19 kasu berri atzeman dituzte Nafarroan, aurreko egunean baino zortzi gehiago diren arren, pasa den astean egun berean izandakoak baino 36 gutxiago dira, egun horretan 88 kasuetaraino heldu zen Foru Erkidegoa. Atzokoan 2.061 test egin zituzten, eta, beraz, positibo tasa %2,5ekoa da; oso datu baikorra. Beheranzko joerarekin hasi da astea eta, momentuz, %38ko beherakada izan da.

Atzokoan, Nafarroa osoan egindako PCR eta antigenoen testetan, Iruñeko Txantrea, Arrosadia eta Buztintxuri auzoetan azaldu dira positibo gehienak.

Ospitaletako egoera egonkorra da, beheranzko joerarekin; 40 pertsona daude une honetan ingresatuta, horietatik hamalau zainketa intentsiboetako unitatean, larri. Hirugarren egunez ez zen heriotzarik erregistratu, koronabirusarengatik.

‘COVID pasaportea’

Atzo aktibatu zen COVID pasaporte gisa ezagutzen den dokumentua, eta egun bakar batean 9.463 txosten deskargatu egin ziren. Osasun hiritar karpetan lortu daiteke pasaporte edo green card hau. Europan barna mugarik gabe mugitzeko agiria da, txertoa jaso edo gaitza gainditu izana ziurtatzen duena. Horretarako, osasun karpeta aktibatua izan behar da, dagoeneko nafar guztien laurdenek dute karpeta hau aktibatua, zeinean, pasaporte honetaz gain, txertoa jasotzeko hitzordua ere kudeatu daitekeen.

Txertoa

Azken egunean 6.247 txerto jarri ziren, eta dagoeneko baziren 50.000 txertoei, Modernak bidalitako beste 4.300 dosi batu zitzaizkien atzokoan; beraz, aste honetan ere txertatze maila altua izanen da. 48-49 urteko nafarrak ari dira orain txertoa jasotzen, eta 44-47 urte bitartekoak hitzordua jasotzen. Dagoeneko nafarren herenak erabat babestuta daude txertoaren aurrean.

Hala ere, orain, opor garaia datorrelarik, zalantzak piztu dira txertoa jasotzerako hitzorduaren gainean. Estatuak kontrakoa dioen arren, Nafarroako osasun departamentuak ez du begi onez ikusten turistek oporretan dauden tokian txertoa jasotzea, kontrolerako eta egutegietarako zaila bailitzateke hori. Horregatik, pasa den astean iragarri bezala, hitzordua eskatzerako orduan oporrak kontuan hartzea eskatu diete herritarrei, oporren aurretik eta bueltan jarriko baitzaizkie dosiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!