Nafarroako osasun eskumenak erabat gauzatzearen aldeko adierazpen bat baztertu du parlamentuak

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 7a, 14:07

Navarra Sumak adierazpen instituzional bat aurkeztu du, eskatuz Nafarroak bere osasun eskumenak erabat gauzatzea, eta lurralde arteko kontseiluan onartutako derrigorrezko baldintzak baztertu ditzatela; baina, ez da aurrera atera. Alderdietako batzuk, ordea, testu horren alde agertu dira.

Navarra Sumaren testuak proposatzen zuen parlamentuak defendatzea Nafarroak LORAFNAn jasotako osasun arloko eskumenak erabat gauzatzea; eta ekainaren 2ko Lurralde arteko Kontseiluaren erabakia baztertzea, birusen aurkako jarduera koordinatuen nahitaezko izaera jasotzen zuena.

Javier Esparzaren arabera, iragan asteko lurralde arteko batzordeko erabakiekin, Nafarroaren eskumenak zapaltzen ari dira.

Ez da eztabaidarako aukerarik izan, PSNk proposamena baztertu duelako. Ramon Alzorriz bozeramailearen arabera, gai honen helburua da talka sortzea da, eta autogobernua akordioekin defendatu behar dela azpimarratu du.

Gainerako alderdietako batzuk, ordea, eskuineko koalizioaren adierazpenaren alde agertu dira.

Geroa Baik autogobernuaren defentsan aurrera egin behar dela uste du, eta Nafarroak bere errealitatetik abiatuta hartu behar dituela erabakiak, kasu honetan, osasun arlokoak; baina hala ere, aukera izan balu, seguruenik testuaren aurka bozkatuko zukeen, “inkoherentetzat” jotzen duelako Navarra Sumak testu hau ekartzea.

EH Bilduk ere uste du osasun eskumenak defendatzea autogobernua defendatzea dela, eta iragan asteko lurralde arteko batzordeko erabakiekin “foralidadea” erasotu dutela.

Ezkerrak adierazi du Nafarroaren autonomia kasu honetan erabiltzea herritarren osasuna babesteko, baina ez zutela argi ikusten Navarra Sumaren helburua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!