Gaueko aisialdirako lokalak 03:00ak arte ireki ahalko dira, arrisku maila baxuari eusten bazaio

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 3a, 08:10

Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek nahitaez bete beharreko dokumentu bat onartu zuten atzo Nafarroako Jauregian.

Carolina Dariasek zuzendu zuen lurralde arteko osasun kontseiluan Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek nahitaez bete beharreko dokumentu bat onartu zuten atzo Nafarroako Jauregian. Gaueko aisialdirako lokalen ordutegia zabaltzea ezarri dute, egoera epidemiologikoa lehen alerta mailakoa denean ("arrisku txikia"). Osasun Ministerioaren adierazleen arabera, Nafarroa arrisku baxuko alerta maila horretan dago gaur egun, eta, atzo onartutakoaren arabera, lokal horiek goizaldeko 03:00ak arte irekita egoteko aukera izango dute.

Hasiera batean, ministerioak erkidegoei aurkeztutako planaren arabera, gaueko aisialdirako gehienezko ordutegia goizaldeko 02:00ak artekoa zen, normaltasun berrian edo lehen alerta mailan. Hala ere, hainbat autonomia erkidegoren eskariz, azken akordioaren arabera, 03:00ak arte luzatzea erabaki dute. Ostalaritzako lokalak, berriz, goizaldeko 01:00ak arte ireki ahal izango dira gehienez.

Lurralde arteko kontseiluak ezarri duen dokumentuak zortzi neurri eta bi gomendio ditu, iazko abuztua eta urria bitartean onartutako jarduera koordinatuak ondoriorik gabe uzten dituztenak. Ostalaritza establezimenduen ordutegiei eta edukierei, ekitaldi jendetsu handiei, txertaketari eta tabakoaren kontsumoari ere eragingo die.

Aurrerantzean, eta lurraldea 0 arrisku-mailan (normaltasun berrian) edo lehen mailan badago, gaueko aisialdiko lokaletan eta diskoteketan edariak eta elikagaiak eserita kontsumituko dira, barrualdean zein kanpoaldean, eta gutxienez 1,5 metroko tartea utziko da mahai desberdinetako aulkien artean. Ordutegia 02:00etaar arte izango da, 03:00etara luzatzeko aukerarekin, eta barruko edukiera % 50era artekoa izango da. Aire zabaleko terrazek baimendutako mahai guztiak okupatu ahal izango dituzte, eta leku itxietan gehienez sei pertsona eta kanpoaldean hamar egon ahal izango dira.

Ostalaritzako lokal arruntei dagokionez, lurraldea arrisku mailetatik kanpo badago, edukieraren erdia onartuko da barnealdean, eta %10 handitu ahal izango da aireztapen-maila handia eta airearen kalitatearen kontrola bermatzen duten neurriak aplikatzen badira. Aire zabaleko terrazetan, mahai guztiak okupatu ahal izango dira, 1,5 metroz bereizita, eta gehienez ere sei pertsonarekin barruan eta hamarrekin kanpoan. Barran zerbitzatu eta kontsumitu daiteke. Gehienez ere 01:00ak arte egongo dira irekita eta 00: 00etan zerbitzatzeari utziko zaio.

Ekitaldi jendetsuei dagokienez, arriskuak kontrolatzeko neurriak aplikatuko dira. Neurri horiek jendearentzako guneetan jan, edan eta erretzea debekatzea eta maskara nahitaez erabiltzea dira, besteak beste.

Gainera, debekatuta dago bide publikoan edo aire zabaleko espazioetan erretzea, baldin eta ezin bada gutxienez 2 metroko pertsonen arteko gutxieneko distantzia errespetatu, tabakoa arnasteko beste edozein gailu barne.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!