88 kasu atzeman dituzte, 2.282 proba egin ostean

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 2a, 15:55

Ministroak Osasuneko Lurralde arteko Kontseilua egin du gaur arratsaldean, Iruñetik, Miquel Iceta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroarekin batera.

Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak emandako datuen arabera, COVID-19ak eragindako 88 kasu positibo atzeman zituzten atzo, osasun sistema publikoan 2.282 proba (1.290 PCR proba eta 992 antigeno test) egin ostean. Positibotasun tasa %3,8koa izan zen. 

Carolina Darias Osasun ministroak Nafarroak pandemia kudeatzeko dituen sistema eta azpiegiturak ezagutzeko aukera izan du gaur goizean, prebentzioari, kasuen detekzioari eta miaketari, osasun-arretari eta txertaketari dagokienez.

Lehenik eta behin, Carolina Dariasek txerto sortak gordetzen diren lekua bisitatu du, eta han 18.720 Pfizer dosi jaso dituztela ikusi du. Ondoren, Nafarroako txertaketa-zentrorik handiena bisitatu du, UPNAren unibertsitate-pabiloian dagoena.

Osasun ministroarekin batera, Santos Indurain Osasun kontseilaria, Carlos Artundo zuzendari nagusia, Marian Nuin Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko zuzendaria eta Gregorio Achutegui Osasunbideko gerentea izan dira.

Dariasek aitortu du Nafarroako Osasun Saila osatzen duten profesionalek "lan handia" egin dutela pandemiaren kudeaketan, eta, bereziki, "kasuen prebentzioan, sekuentziazioan eta miaketan, bai eta txertaketa-kanpainan ere". Estatu mailan, gainera, 60 urtetik gorako biztanleen txertaketa bigarren dosiarekin osatzeko beharra azpimarratu du, sektore hori babestea premiazkoa baita. Halaber, azpimarratu du pandemiak osasun publikoa indartzearen garrantzia erakutsi duela, batez ere prebentzioa, lehen mailako arreta eta osasun mentala.

Bestalde, Santos Indurain Osasun kontseilariak azpimarratu duenez, pandemiaren kudeaketaren hiru ardatzak "prebentzioa, detekzioa eta arreta sanitarioa eta, jakina, txertaketa-kanpaina" izan dira. Ildo horretan, Nafarroa irailetik 1.000 biztanleko PCR kopuruan tasarik altuena duen erkidegoa dela azaldu du. Gainera, "Arakatze eta trazabilitate sistema indartsua" azpimarratu du, baita lagin positiboen sekuentziazioa eta maila ezberdinetan emandako osasun arreta ere. Txertaketari dagokionez, gogorarazi du biztanleen %47,9k gutxienez dosi bat duela, eta %26,7k jarraibide osoa duela.

Azkenik, aipatu du oso garrantzitsua dela sailen arteko lana, udal-erakundeekin eta gizarte-zerbitzuekiko esku-hartze komunitarioa pandemiaren kudeaketan.

Atzoko datuak

Bestalde, pandemiaren bilakaerari buruzko eguneko datuei dagokienez, ospitaleko okupazioari dagokionez, 42 paziente COVID-19aren ondorioz ingresatuta zeuden atzo ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino hiru gutxiago. Atzo pertsona bat ospitaleratu zuten eta 80 urteko emakume bat hil zen. Nafarroan, guztira, 1.188 heriotza baieztatu dira.

Kutsatze berriei dagokienez, zonaldeka, Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen %58 erregistratu ziren, Tuteran %15 eta Lizarran %3. Gainerako positiboak (%24) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.

Osasun Sistema Publikoko osasun-profesionalei dagokienez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, gaur egun bost positibo aktibo daude, eta azken astean beste hiru kutsatu dira. Ia 13.000 profesionalek osatzen dute plantilla.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!