Udazkenean egingo da Nafarroako bertsolari txapelketa

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 1a, 12:41

Urriaren 2an ekingo zaio txapelketari, eta azaroaren 27an izango da finala. Sailkapenerako saioak, berriz, ekainean izanen dira.

Urte honen hasieran behar zuen hasi Nafarroako Bertsolari Txapelketak. COVID-19ak eragindako zailtasunak tarteko, ordea, data zehaztu gabe atzeratu zuen Bertsozaleen elkarteak. Egoeraren bilakaera ikusita, Bizkaiko, Nafarroako zein Bertsularien Lagunak elkarteek txapelketak 2021eko udazkenean egitea erabaki dute. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Xilaba txapelketarekin batera eginen da, beraz, Nafarroakoa.

Zortzina saio izango dituzte Xilabak eta Nafarroako Bertsolari Txapelketak, eta hamar Bizkaikoak. Kasu bakan batzuetan, egun berean izango dira zenbait saio, baina zaleei haien jarraipena errazteko, txapelketak elkarren artean ahalik eta modu onenean uztartzeko egutegia osatu da.

Ekainean izango dira Nafarroako aurrekanporaketak

Urriaren 2an ekingo zaio Nafarroako Bertsolari Txapelketari; azaroaren 27an izango da finala. Aurretik, ordea, sailkapenerako saioak gauzatuko dira, eta horiek ekainean egingo dira.

Laster ezagutaraziko dira Nafarroako aurrekanporaketen inguruko xehetasunak eta hiru txapelketen inguruko informazioa udazkena gerturatu ahala.

Pandemiaren eboluzioaren arabera, irailean, egoeraren irakurketa berria egin eta beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

COVID-19ak eragin izugarria izan du bertsolaritzan. Zentzu horretan, bertso-eskoletako eta bertso plazetako dinamika berreskuratzean du begia jarrita bertsolaritzaren mugimenduak. Azken hilabeteotako bertso plazako zenbait datu dituzu hemen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!