Kultur jardueren ordutegia 23:00etara arte zabalduko dute, eta edukiera %60ra

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 27a, 09:23

Zentral aretoa, hutsik.

Osasun ordezkariek bilera egin dute kultur sektoreko eragileekin, eta zenbait neurri leuntzea erabaki dute. Bihar sartuko dira indarrean. 

Bihartik aurrera, Nafarroak egungo murrizketak berriro malgutzeari ekingo dio, covid-19aren pandemiaren bilakaera hobetu ondoren, eta kasu honetan, neurriak azken aldiz zabaldu zituztenetik astebetera, erabaki horiek eragina izango dute bi sektoretan: ostalaritzan eta kulturan.

Neurri sorta berriak kultur arloko malgutzeak aurreikusten ditu. Osasuneko ordezkariek bilera bat egin zuten atzo arratsaldean sektoreko hainbat eragilerekin, eta, horren ondoren, zinemetan, antzokietan, auditorioetan, karpetan eta bestelakoetan jardueren edukiera %60raino handitzea erabaki zuten; gehienez 300 pertsona egongo dira barruan eta 600 kanpoan, egungo %50a zertxobait handituta. Ezingo dira 200 pertsona baino gehiago egon barnealdean eta 400 baino gehiago aire zabalean. Era berean, gune horiek 23:00etan ixtea ere erabaki dute.

Sektorearen beste eskaera garrantzitsu bat zen aretoetan egiten diren ekitaldietan kontsumizioak zerbitzatzeko baimena ematea, eta, azkenean, partzialki onartu dute. Ostalaritza zerbitzuak oro har eskaintzen dituzten kontzertu aretoek hori egin ahal izango dute ekitaldiak irauten duen bitartean.

Santos Indurain Osasun kontseilariak atzoko gobernu saioaren osteko prentsaurrekoan adierazi zuen bezala, sektorearekin izandako bilera aste honetatik harago begira egin zuten. Kulturak udan garrantzi berezia izango duela azpimarratu zuten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!