Ostiralean abiatuko da Nafarroako I. Liburu Azoka

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 25a, 11:53

Liburu azokarako Jon Juarezek egin duen ilustrazioa.

Maiatzaren 28tik ekainaren 6ra bitartean egingo dute Nafarroako I. Liburu Azoka. Hamasei liburu dendak parte hartuko dute, eta 50 bat jarduera eskainiko dituzte. Lehen aldiz, Iruñetik harago zabalduko dute azoka, gainera: Tutera, Lizarra eta Elizondora.

Azoka honen jatorria joan den urrian Iruñean egindako liburu azokan dago: Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Diego de Haro Nafarroako Liburu denden Elkarteak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker, urtean zehar egin ohi diren hiru azokak batean elkartu baitzituzten, finantzaketa bermatzeko helburuarekin.

 Orain, lankidetza hori zabaldu dute, eta Nafarroako beste toki batzuetako liburutegiekin elkarlanean garatuko dute lehen aldiz azoka. Gainera, EDITARGI Elkarteak, Nafarroako Idazleen Elkarteak, Iruñea Beltza Jaialdiak, Tiza Elkarteak eta Nafarroako Gobernuaren Liburutegi eta Argitalpen zerbitzuek ere parte hartuko dute. Horrela, Nafarroako liburuaren kate osoa elkartuko da azoka batean, sortzailearengandik hasi eta irakurlearenganaino.

Tuterako, Elizondoko eta Lizarrako hiru liburutegi publikotan egingo dituzte jarduerak. Halaber, Iruñeko Gaztelu plazan; Tutera, Egues eta Urrotz Hiriko liburu dendak ere egongo dira.

Aurkezpenak, mahai inguruak eta tailerrak

Osotara Hemezortzi mahai egongo dira, eta, hainbat liburu aurkezpen, mahai-inguru eta tailer izango dira. Idazle nafarrak izango dira parte hartzaileen artean, hala nola Fernando Chivite, Irati Iturritza edota Miguel Sanchez-Ostiz, eta baita kanpokoak ere, esaterako Elisa Victoria, Sergio del Molino, Javier Olivares eta Teresa Valero ere. Proposamenetan, aniztasuna bilatu dute.

Antolatzaileak pozik agertu dira azoka hau kalean egin ahal izateagatik, eta irakurleekin hartu-eman hori berreskuratzeagatik; gainera, pandemiaren ostean, irakurtzeko ohitura hazi egin dela azpimarratu dute, eta hori Liburuaren Egunean ere islatu zela.

Nafarroako Lehen Liburu Azokak Iruñeko Gaztelu plazan irekiko ditu ateak ostiralean; eta ordutegia 10:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!