Astebetean %21 egin dute behera koronabirus kasuek

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 24a, 09:56

47 koronabirus kasu atzeman dituzte Nafarroan, 1.117 proba eginda; beraz, positibo tasa %4,2koa da.

Azken egunean 47 koronabirus kasu antzeman dituzte Nafarroa osoan, atzo igandearekin egindako PCR eta antigenoen testetan, 1.117 proba egin ostean; positibo tasa, beraz, %4,2koa da. Pasa den asteko egun berean izandakoak baino 11 gutxiago dira, beraz apalago bada ere, bihurgunean beheranzko joerak aurrera jarraitzen du beste egun batez.

Aste batetik bestera %21 jaitsi dira kasuak. Dagoeneko bi aste pasa dira alarma egoera erori zenetik; beraz, oraingo datuak, jadanik, ia araurik gabeko egunetakoak dira. Ikusi beharko da bilakaera.

Zizur Nagusia bost kasurekin eta Agoitz, Mendillorri eta Azkoien launa kasurekin azaltzen dira, kutsatze berri gehien antzeman dituzten herrien zerrendan.

Eguneko kutsatze berrietan gara ohi dugu begirada, hauek zehazten baitute bilakaera, baina badira beste markagailu batzuk kontutan hartzekoak. Ospitaleratzeei dagokienez, 78 pertsona daude une honetan ingresatuta, azken 68 egunetako daturik onena da hau eta horietatik 16 zainketa intentsiboetako unitatean. Laugarren olatuan ia berrogei izatera ere iritsi ginen.

Azken egunotan heriotza zifrek dakartzate albisterik pozgarrienak. Atzo hildakorik ez zela egon baieztatuko balitz, astelehenetik igandera bitartean koronabirusarekin hildakorik gabeko aste osoa kateatuko luke Nafarroak. Zazpi egun igaro dira heriotzarik erregistratu gabe, pasa den urteko udaz geroztik ez zen horrelako datu onik erregistratzen.

Nafarren ia %20 txertaturik

363.000 txerto jarri dituzte dagoeneko Nafarroan, horietatik 126.000 bigarren dosiak dira, hau da, populazioaren ia %20ak babes osoa du jadanik. Aste honeta,n gainera, erritmoa bizkortzea espero da, Pfizer enpresaren 23.000 dosi iritsiko baitira.

AstraZenecaren txertoaren gaineko zalantzak argituta, aste honetan ere deituko zaie lehendabiziko dosia jaso duten 60 urtetik beherako nafarrei, hitzordua eman eta AstraZeneka edo Pfizerren txertoa jaso nahi duten erabakitzeko. Bestalde ere, 50 eta 54 urte artekoei hasiko zaie aste honetan hitzordua emateko deitzen. Ekainean 50 urtetik beheragokoekin hasteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!