Haurrentzako prosamenak dira nagusi asteburu honetako agendan. Lewis Carrollen “Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena” obra unibertsalaren Pantzart konpainiaren bertsioa eskainiko dute bihar Mendillorriko civivoxean: Hitzak Txorabiatzen. Igandean, berriz, pailazoen txanda izanen da Sarrigurenen. Natura gara ikuskizuna taularatuko dute, Kiki, Koko eta Mokok.
Egun berean, igandean, familia osoarentzako aproposa izan daitekeen txangoa antolatu du Txantreako Euskaldunon Biltokik. Historia, euskara eta mendia uztartuz, frankismoaren aztarnen atzetik Auritzeko bunkerrak bisitatuko dituzte.
Eta zuzeneko musika, noski, ez da faltako. Gaur bertan Tribade ariko da Totemen, bihar, berriz, The Guilty Brigade atarrabiarrak igoko dira oholtzara eta igandean, Olatz Salvadorrek eskainiko du kontzertua Aho uhal lana aurkezteko. Zentralen, ordea, Ilun eta abar diskoa aurkeztuko du Idoia musikari arabarrak. Salvadorren diskoko hirugarren abestian Idoia Asurmendiren kolaborazioa eduki du donostiarrak. Gelditu hor kantuan aritu dira elkarrekin.