Gaur abiatuko da Saharari babesa adierazteko martxa

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 4a, 10:42

Sahararekiko elkartasunerako mugimenduek martxa bat antolatu dute, Espainiako Estatuan zehar, Madrileraino, saharar herriari babesa adierazteko eta erakundeei erantzukizuna eskatzeko. Nafarroan zutabe bat egingo dute, bost etaparekin.

Saharar herriaren borroka aldarrikatzea eta ikusaraztea, eta herritarrak kontzientziatzea, sahararrek bizi duten larrialdi egoeraz. Hori da martxaren asmo nagusia; izan ere, azken hilabeteetan Mendebaldeko Saharako gatazka aktualitatera itzuli da, Marokoren erasoen ondorioz. Fronte Polisarioak Marokorekin zuen su-etena hautsitzat eman eta gerra deklaratu zuen azaroan, 40 urtez zain egon eta gero.

Manifestazioa Espainiako Estatuko hainbat tokitatik abiatuko da, gaur, eta Madrilen amaituko da, ekainaren 18an. Bertan, hurrengo egunean, ekitaldi eta manifestazio bat egingo dute.

Nafarroatik zutabe bat abiatuko da eta bost etapa egingo ditu, gaurtik asteazkenera. Berriozartik abiatuko da, 18:15ean, eta Iruñeraino helduko da; hortik Garesera joango da; Garestik Lizarrara; handik Los Arcosera, eta azkenik Logroñora, Errioxako zutabearekin topo eginez. Ibilbideaz gain, hainbat ekitaldi egingo dituzte herri horietan.

Martxaren helburuak dira, beraz, saharar herriaren borroka ikusaraztea; Marokoko okupazioa, baliabide naturalen espolioa eta giza eskubideen urraketak salatzea; eta Nazio Batuen Erakundeari, Europar Batasunari eta Espainiako Gobernuari erantzukizuna eskatzea: deskolonizazio-prozesua amai dezaten, eta erreferenduma bultza dezaten. 

Nafarroako etapetako parte hartzea errazteko autobus zerbitzua egongo da; baina, oinez ez ezik, beste modu batzuetan ere parte har daiteke ekimenean; esaterako, manifestu bat sinatuz. Testua eta informazio guztia marchasaharaui.org webgunean eta sare sozialetan aurki daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!