AstraZenecarekin txertatutako 21.000 nafarrrek Pfizerren dosia jasoko dute

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 19a, 09:40

AstraZenecaren dosi bat jaso duten 21.000 nafarrek badute erantzuna: autonomia erkidegoek Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioaren proposamena onartu dute, Pfizer dosiarekin koronabirusaren aurkako txertoa osatzeko.

Seguruenik txertaketa kanpaina hasi zenetik zegoen zalantza handienetarikoa zen: zer egin AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urtetik beheragoko pertsonekin, behin sendagai hau jartzeari utzi zaionean. Ezinbesteko lanbideetako langileei jarri zitzaien martxoan: suhiltzaile, anbulantzia gidari, irakasleei edota osasun arloko langile askori, bai eta poliziei ere. 21.000 nafar ziren egoera honetan, eta aste hauetan beren bigarren hitzordua bertan behera geratzen zela jakinarazten zien mezua jaso dute.

Azkenean, atzo hartu zuen Espainiako Gobernuak txertoen gaineko erabakia. Lehendabiziko dosia jaso dutenek, Pfizerren txertoarekin bukatuko dute babes zikloa. Nahasketa honek, ez omen du eragin negatiborik eragiten, osasun arduradunek esandakoaren arabera. Zientzialari eta medikuek, dena den, ez dute sobera arrazoitua ikusten erabaki hau, eta Europak AstraZenecarekin duen liskarrean oinarrituta dagoela salatzen dute.

Apirilaren hasieran, Osasun Departamentuak AstraZenecarekin 60 urtetik gorakoei soilik txertoa jartzeko erabakia hartu zuen, tronboen gertakari "oso arraroak" agertu direlako, batez ere adin txikiagoko pertsonen artean, Europako beste herrialde batzuetako adibideari jarraituz, Frantzia edo Alemania kasu.

Atzo 4.112 txerto jaso ziren Nafarroan, dagoeneko 111.000 nafarrek jaso dute dosi bikoitza, beraz, erabat babestuta daude.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!