UPN gobernutik atera eta sei urtera Nafarroak fiskalitate bera duela salatu du ELAk

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 18a, 10:54
Saioa Urriza ELAren Iruñerriko arduraduna eta Imanol Pascual Nafarroakoa.

ELA sindikatuak Nafarroako zerga sistemaren egoerari buruzko txosten bat osatu du, eta ondorioztatu du “bidegabea eta eznahikoa” dela, eta berdin jarraitzen duela UPN foru gobernutik atera eta sei urtera. Mobilizazioak iragarri ditu, zerga erreforma baten alde.

ELA sidnikatuak egin duen azterketaren arabera, Nafarroako presio fiskala Europar Batasunekoaren azpitik dago, %40koa baita EBn, eta hemen, berriz, %31koa; eta EBkora parekatuz gero, 2.005 milioi euro gehiago bilduko lirateke Nafarroan. 

Bestetik, erakusten du lan errentak direla diru bilketari eusten diotenak, eta ez kapital errentak, zergen lau erotik hiru lan errentetatik baitatoz, eta enpresa handiek oso gutxi ordaintzen dute sozietateen gaineko zergari dagokionez. Halaber, iruzur fiskal handia dagoela dio, baina horren aurka borrokatzeko oso langile gutxi.  

Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzailearen hitzetan, Nafarroako zerga sistema "eznahikoa eta bidegabea" da; gainera, kritikatu du egungo foru exekutiboak, eta baita aurrekoak ere, "UPNren gobernuak utzitako zerga sistemari eusten" diotela; egungo gobernuan dauden alderdiek "austeritate politiken alde" egiten dutela, eta ezkerretik ez dagoela oposizio sendorik.

Horiek horrela, eta aintzat harturik izurriteak behar sozialak biderkatu dituela, zerga sistema errotik aldatzeko erreforma bat eskatu dute, diru sarrerak handitzeko eta krisiari irtenbide soziala emateko.

Baina hori lortu ahal izateko, herritarren presioa ezinbestekotzat jotzen dute, eta hartara, protestara deitu dute, ekainaren 4rako. Ekitaldi politikoa egingo dute Errekoleten plazan, 10:30etan, eta  ondoren mobilizazioa egingo dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!