Trafikoaren transferentzia geldiarazteko Ciudadanosen ekimena autogobernuaren aurkako erasotzat jo du Geroa Baik

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 18a, 12:37

Navarra Sumaren baitan dagoen formakuntza laranjaren eraso berria gaitzetsi du koalizioak, eta UPN bere kidearen isiltasun konplizea salatu du.

Ciudadanosek Nafarroaren autogobernua berriro ere erasotzen duela salatu du Geroa Baik, oraingoan Goi Ganberan erregistraturiko mozio baten bitartez, bertan Nafarroari Trafiko konpetentzien transferentziarako tramiteak geldiaraztea eskatuz Gobernu zentralari. Halaber, koalizioak onartezina deritzo UPNk, Ciudadanosen kideak alegia, bere isiltasun konplizearekin ekimen honi bere babesa ematea.

Geroa Baik azpimarratu duenez, formakuntza laranjaren aldetik foru erregimenari eta Hitzarmen Ekonomikoari egindako etengabeko erasoen ondoren, Nafarroaren aldarrikapen historiko bat geldiarazteko eskakizuna gaineratzen zaio orain, Trafikoaren transferentzia Foruaren Hobeagotzean jasotako eskumena baita, eta Nafarroaren autogobernua zalantzan jartzen ari dute. 

UPNk, Ciudadanosen kideak alegia, Nafarroari bizkarra ematen ari dio berriro ere Ciudadanosek forutasunaren aurka duen jarrera babestuz, eta Nafarroan diskurtso eta politika birzentralizatzaile eta forutasunaren aurkakoenak zuritzeko ardura duen Troiako Zaldia izan dela agerian geratzen da berriro ere.

Nafarroari Trafiko eta Bide Segurtasunaren transferentzia behin betiko egitearen garrantzia berretsi du Geroa Baik, Barkosek Sánchez presidentearekin 2018an adostu zuen moduan. Halaber, anbizio handiko gizarte politikak garatzea eta gure Ongizate Estatua bermatzea ahalbidetzen duen tresna moduan aldarrikatu du autogobernua koalizioak. Horregatik, transferentzien alorrean, beste behin ere, Foruaren Hobekuntza bere osotasunean bete dadila eskatu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!