Bederatzi hilabeteko itxaronaldi luzearen ondoren, Suitzako agintariek joan den astean aurkitu zituzten Diego Maeztu 38 urteko Alloko bizilagunaren gorpuzkiak, 2020ko abuztuan Suitzako Alpeetako arroil batean beste hiru kiderekin batera istripua izan ondoren. Gainerako lagunak Allo, Uharte-Arakil eta Gueñes (Bizkaia) herrietakoak ziren, eta denak bertan hil ziren.
Suitzako agintariek bilaketa saioak egin zituzten arren, joan den astearen erdialdera arte ez zuten aurkitu kirolari nafarraren gorpua, urtegia dragatu ondoren. Dragatzeak ohikoak dira Suitzan, ekaitzek material ugari eramaten baitute urtegi eta lakuetaraino.
Gorpuaren aurkikuntzaren berri joan den astean eman zioten familiari, DNA probak egiteko, eta aurkitutako gorpuzkiak duela bederatzi hilabete desagertutako gizonarenak zirela baieztatu zuten. Senitartekoek atzo adierazi zutenez, gorpua aberriratzeko izapideak egiten ari dira.