Palestinaren eta Kolonbiaren aldeko adierazpenak galarazi ditu Navarra Sumak

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 17a, 15:22

2018ean parlamentuko taldeek Palestinaren alde egindako ekintza.

Eskuineko hirukoak ezezko eman die parlamentuan aurkeztutako testuei. Adierazpen insituzionalek talde guztien babesa behar dute onartuak izateko.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak errefusatu egin ditu Kolonbiako eta Palestinako gatazkei buruzko adierazpen instituzionalak, aho batez babestu ez dituztela. Navarra Sumak kontrako botoa eman du.

Hain zuzen ere, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta I-Ek adierazpen bat aurkeztu dute Kolonbiako egoerari buruz, eta PSNk ere babestu egin du. Bertan, "kaleetan legez protestatzen dutenen aurkako errepresio basatia eta justifikaziorik gabea" salatu zuten, eta "2021eko apirilaren 28tik herritarren protesta mobilizazioen ondorioz, manifestariek errepresioa jasan eta giza eskubideak urratu zituztelako kezka Kolonbiak Espainian duen enbaxadari" helaraztea eskatu zuten.

Palestinari buruzko beste adierazpen instituzionala talde parlamentario berek aurkeztu dute, eta PSNk ere babestu du; Navarra Sumak, berriz, kontra bozkatu du. Testuan, "Israelek herri palestinarrari egindako Giza Eskubideen urraketak" salatzea eskatu zioten Ganberari, eta "nazioartera jotzea" eskatu zuten, "ofentsiba militarra geldiarazteko eta elkarrizketa eta negoziazio bideak berreskuratzeko, Mahmud Abbas Palestinako presidenteak Europako erakundeen babesarekin Nazioarteko Bake Konferentzia bat egiteko egindako eskaera babestuz".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!