Atzo, maiatzak 16, igandearekin, 59 COVID-19 kasu berri atzeman zituzten Nafarroan, azken 9 igandeetako daturik onena, Osasun Departamentuaren behin-behineko datuen arabera. Larunbatean baino zazpi kasu gutxiago dira, duela astebete baino bat gutxiago, eta duela hamabost egun baino 46 gutxiago. Aste osoan 503 positibo erregistratu dituzte; aurreko astean 762 izan ziren, beraz, kasuek %34 egin dute behera: 259 gutxiago izan dira.
106 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19rekin; horietatik 21 zainketa intentsiboetako unitateetan daude, eta beste 12 etxeko ospitaleratzean. Gainerakoak, 73 paziente, solairuan daude.