Miren Zabaletak hilaren amaieran zehaztuko du zein izango den harekin batera arituko den lantaldea

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 14a, 11:24
Miren Zabaleta eta EH Bilduko zenbait kide, erakusketaren aurkezpenean.

EH Bilduren 10. urteurrenaren harira osatutako erakusketa ikusgai dago Sarasate Pasealekuan, eta aurkezteko ekitaldian, Miren Zabaleta Nafaroako arduradun politiko berriak datozen urteetarako hartuko dituen erronka nagusiak zehaztu ditu.

EH Bilduren II. Kongresua amaituta, berretsi egin da Miren Zabaleta izango dela koalizioaren Nafarroako arduradun politikoa; eta Iruñera iritsi den EH Bilduren 10 urteko ibilbidea jasotzen duen erakusketa  ibiltaria zabaltzeko ekitaldian hartu du hitza.

Azpimarratu du erakusketan ikusten dena urte hauetako lanaren isla dela, zeinetan EH Bildu tresna "eraginkorra" izan baita "aldaketa bultzatzeko", eta "erabakigarria" eskuinaren aurrean "gehiengo alternatiboak" eraikitzeko. Orain, hamar urte geroago eta pandemia baten erdian, ahaleginak areagotuko dituztela esan du, "eraldaketa politiko, sozial, ekonomiko eta ekologikoan sakontzen" jarraitzeko, eta "subiranotasunaren alde".

II. Kongresuaren testuinguruan, proiektu honen alde egiteko pausua "ilusioz eta gogo betez" eman duela ziurtatu du, orain arteko bidean sakonduz aipatutako erronkei eusteko, eta konbentziturik, proiektu "eraginkorra" dela "eraldaketa eta burujabetzaren" bidean.

Maiatzaren azken astean zehaztuko du zein izango den harekin batera arituko den lantaldea. Lau pertsona izango ditu aldamenean, komunikazioa, udalgintza, instituzioak eta barne antolaketa gidatuko ditzutenak. EH Bilduko militantziak berretsi egin beharko du proposamen hori, ekainaren amaierarako.

Behin izendapenak eginda, lanean hasiko dira, urte politikoaren hasierarako 2021-2023 epeko lan ildoak zehazturik edukitzeko.

Erakusketari dagokionez, 18:00ak arte egongo da ikusgai, Sarasate pasealekuan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!