Autobus bakoitzaren okupazio-maila ezagutzeko aplikazioa aurkeztu du mankomunitateak

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 12a, 14:11

Billabesek egunero egiten dituzten 3.000 ibilaldiak baino gehiago kontuan hartuta,  %3 baino gutxiago dira finkatutako edukiera gainditzen dutenak. Gutxi gorabehera, 70 bidaia.

Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateak eta Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuaren enpresa emakidadunak, TCC Pamplonak, pandemian zehar EHGaren segurtasuna hobetzeko ekintza berriak aurkeztu dituzte. Aurkezpen-ekitaldi horretan, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, David Campión, SCPSAko Garraio Arloko zuzendaria, Jesús Velasco, eta TCC Pamplonako zuzendari kudeatzailea, Ramón Palau, izan dira.

Lehenik eta behin, gaurtik aurrera, “Tu Villavesa” aplikazioak –Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuaren datuei buruzko informazioa ematen du denbora errealean– billabesen okupazioaren iragarpena jasoko du, COVID edukiera-mugekiko.

Gogoan izango denez, kutsatzeak ekiditeko helburuarekin, Nafarroako Gobernuak ezohiko neurriak ezarri zituen foru-agindu baten bidez. Hartara, urriaren 22tik aurrera, billabesetarako %50eko gehieneko edukiera agindu zen, “betiere flotaren gehieneko edukierak horretarako aukera ematen badu”.

“Tu Villavesa” aplikazioak erakutsiko duen informazio berriarekin, EHGaren erabiltzaileek linea bakoitzeko autobusen okupazioaren zenbatespenaren berri izateko aukera izango dute. Iragarpen horrekin –egunero kalkulatuko da berriro, zerbitzuaren datuen historikotik abiatuta–, beren ordutegi-aukeren barnean, hutsago doazen autobusak hautatu ahal izango dituzte erabiltzaileek.

“Tu Villavesa” app-aren funtzionaltasun berria algoritmo batean oinarritzen da, eta algoritmo horrek ‘machine learning’eko tresnak eta sare neuronalak baliatzen ditu, okupazioko zenbatespen zehatzak egiteko. Hartara, EHGaren erabileraren datu historikoz elikatzen da sistema eta egunero eguneratzen ditu iragarpenak.

Aplikazioan, bidaia bakoitzaren okupazioari buruzko informazioa kontsulta egindako lineak egiten duen ibilbidearen geraleku bakoitzari lotuta agertuko da. Era berean, geraleku bati lotutako informazioa kontsultatu ahal izango da, kokaleku horretan geldituko diren linea guztien okupazioaren aurreikuspena ezagutzeko.

Kontsulta egiten den egunerako iragarpenez gain, aplikazioaren bidez, kontsulta hori egin den egunaren hurrengo eguneko okupazioen zenbatespenaren berri izateko aukera ere egongo da. 

Okupazioaren aurreikuspena jada integratuta dago “Tu Villavesa” aplikazioan, bai Android bertsioan bai eta IOS bertsioan ere. Horrenbestez, operatibo egongo da aplikazioaren deskarga berrietan edo aplikazioa jada instalatuta duten smartphone-etan automatikoki eguneratzen denean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!