Sexu-esplotazioaren biktimei ostatu-baliabideak eskaintzeko hitzarmena berritu dute

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 12a, 12:23
Dokumentua Eva Istúriz INAIko zuzendariak eta Alberto Urteaga Villanueva Itxaropengune-Lugar de Esperanza elkarteko zuzendariak sinatu dute.

Laugarren urtea da Berdintasun Institutuak Itxaropengunerekin hitzarmena sinatzen duela.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, Nafarroan sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima diren emakumeentzako eta haien seme-alabentzako aldi baterako ostatu-baliabide bat kudeatzeko urteko lankidetza-hitzarmena berritu du Itxaropengune-Lugar de Esperanza elkartearekin.

INAIk %27 igo du bere inbertsioa 2021ean, 2020an 30.000 euroko inbertsioa izatetik aurten 38.000 eurokoa izatera igaro baita, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Azpimarratu dutenez, baliabide horrek espazio seguru bat eskaintzen du biktimak errekuperatzeko, alderdi psikologikoak, juridikoak eta sozio-laboralak barne hartzen dituen arreta integralaren bidez, apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak emakumeen aurkako indarkeriaren aurka jarduteko emandako agindua betez.

Hitzarmena 2018an sinatu zen lehen aldiz, 20.000 euroko aurrekontu-zuzkidurarekin, eta 2019an handitu egin zen zenbatekoa. Ekitaldi horretarako 30.000 euro jarri ziren, 2020ko zuzkidura berarekin. 2021ean Nafarroako Gobernuak 38.0000 euro jarriko ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!