Gazteen "larrialdi" egoera iraultzeko, "eraldaketa soziala" aldarrikatu dute ehunka gaztek

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 10a, 09:03
Ernaik Iruñean egin zuten ekitaldi nagusia. Irudian, Ane Alava eta Izar Hernando eledunak. (@ErnaiNafarroa)

Ernai gazte antolakundeak deituta, mobilizazioak egin zituzten ostiralean Hego Euskal Herriko hiriburuetan, 'Larrialdi egoeran gaude' lemapean. 

Ehunka gaztek bat egin zuten Ernai gazte antolakundeak egindako deialdiarekin. Iruñean manifestazioak alde zaharreko kaleak zeharkatu zituen, eta une batzuetan pentsionistek haiekin bat egin zuten, gazteen eta helduen protestak elkartu zirenean.

Gazte abertzaleek salatu dutenez, "alarma gorrian" daude, gainean dugun krisialdiak haiek kolpatu baititu gogorrenen: "Lan merkatuan sartzeko ezintasuna, prekarietatea, etxebizitza lortzeko arazoak, ikasketen merkantilizazioa… aurretik bazetozen arazoak areagotu ditu koronabirusak", adierazi zuen Ane Alava Ernaiko eledunak manfiestazioaren amaieran.

"Etorkizuna beltza" datorrela adierazi zuten, eta gazteen egoera aldatzeko bideak "eraldaketa soziala eta burujabetza" direla aldarrikatu. "Ofentsiba berri baten aurrean" daudela diote, eta horri aurre egiteko "elkarlanerako deia" egin zuten. 

Iruñean ez zen istilurik egon, eta antolatzaileek balorazio positiboa egin zuten. Bilbon eta Gasteizen, ordea, martxen amaieran Ertzaintza gogor oldartu zen gazteen aurka, eta gutxienez zortzi gazte atxilotu zituen. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!