Sarek eta Bake Bideak antolatuta, Euskal Herriko 650 tontor igoko dituzte bihar, presoen egoeraren inguruan egiten ari diren urratsak “etxerako bide bilakatzeko”.
Sareren arabera, milaka lagun elkartuko dira tontorretan: “Oso pozik gaude, beraz, bizi dugun pandemia egoera honetan, eta egun oraindik indarrean diren neurri murriztaileak kontuan izanda, benetan pozgarria baita herritarrek erakusten duten konpromisoa eta gogoa”.
Atzo egitasmoa aurkezteko Olarizun (Araba) egindako agerraldian esan zuten “aldaketa garai bat” izaten ari dela espetxe politikan, “sakonekoa eta errokoa ez den arren, aurreranzko urrats gisa” irudikatzen dutena: “Egiten ari diren gerturatzeek ez dakarte urruntze politikaren amaiera, ez eta salbuespen legediaren deuseztapena ere; urteetan lehortea jasan duen lurrazal urratuan euri tanta bakanak dira”.
Horiek horrela, euskal gizartea “aukera paregabe baten aurrean” dagoela nabarmendu zuten, eta baliatu beharra dagoela, biharkoaren gisako ekinbideekin bultza eginez: “Euri tanta horiek ura egon badela adierazten dute, eta tanta horiek ez lirateke sekula iritsiko urte hauetan zehar kalean elkartu garen milaka eta milaka herritarren insistentziarik eta aktibaziorik gabe. Bilaka ditzagun tanta sotil horiek zaparrada, erreka, ibai, itsaso. Bilaka ditzagun urrats sotil horiek, bide, etxerako bide”.
Guztira 300 herrietako deialdiak batu dituzte dagoneko eta 1.500 norbanakok eman dute izena online bestelako mendietara igotzeko intentzioa adieraziz. Ipar-Euskal Herriko mendiei dagokienean, Bake Bideanek ere bat egin du deialdiarekin, eta irteerak antolatu ditu. Nafarroan, zehazki, 220 mendi inguru igotzeko deia egin dute. Izena emateko aukera zabalik dago oraindik, 650tontor.sare.eus webgunean.
#NAFARROAN220BAIETZ ✊???????? #IzanBidea
— Sare Nafarroa (@SareNafarroa) May 5, 2021
Maiatzak 8 · Euskal Herriko Mendi tontorren igoera. Hemen Nafarroako mendi guztien zerrenda 220 inguru.
↗️ Oraindik izen ematea zabalik:https://t.co/1fVOqTl6s2
???? NAFARROAKO DEIALDI GUZTIAK: https://t.co/Okj2EPby63 #IzanBidea #650tontor pic.twitter.com/z0V1mDFCdY