Sortzen: "D eredua inklusiboena da"

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 6a, 16:02

Sortzen jaialdia Antsoaingo antzokian eginen du aurten elkarteak, maiatzaren 15ean.

Euskara Antzokira ekimena eginen du Sortzenek aurten, jaialdiaren ordez. Ezkaba, Hegoalde, Amaiur, San Frantzisko eta Sanduzelaiko eskolek hainbat ikuskizun prestatu dituzte eszenatokian aurkezteko. Denetarik egonen da: Dantzak, rap-ak, bertsoak, antzerkiak...

"Aurten, ikasturte bukaerako ospakizuna ezberdina izango da baina hezkuntza komunitate guztia biltzeko beharra ikusten dugu. Gure hizkuntza plazara atera, gozatu eta artea bizitzeko aukera paregabea izango dugu". Aforo kontuengatik bi emanaldi egongo dira 12:00 eta 17:00etan. Gainera, streaming bidez jarraitzeko aukera egonen da. Bihar jarriko dira sarrerak salgai, bost euroren truke.

Maiatzaren 17 Haur eta Lehen Hezkuntzan aurrematrikula egiteko epea irekiko da eta hilaren 21era arte egiteko aukera egonen da. Sortzenek ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eskolaren aldeko apustua egin du. "Euskaldunduko duen eredu bakar baten aldeko apustua, hain zuzen ere. Eta horrek, murgiltze ereduaren ezarpenerako plangintza integrala eskatzen du", zehaztu dute. "D eredua eredurik inklusiboena da, berritzailea, parte-hartzailea eta berdintasuna sustatzen duena. Gainera, euskarazko eredua ez da esperimentala. Hamarkadetako esperientzia duen eredua da".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!