Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren erabakiekin kexu azaldu da Nafarroako Dantzarien Biltzarra. Gobernuko kultura departamentuak Nafarroako dantza taldeen ikuskizunak “Kultur”en programaziotik kanpo utzi dituela ohartarazi dute: "Atzeraka doan ibilbide luze baten azken pausua da hau". Zortzi hilabete daramatzate Osasuna, Kultura eta Kiroletako Departamentuekin egitekoa zen bilera baten zain. "Zain, eta bitartean sail batetik bertzera jauzika eduki gaituzte, Nafarroako 88 dantza taldeentzat erantzun argirik eman gabe, gure laguntza eskaera eta beharrei erantzun gabe".
Iruñean, berriz, “Viva Pamplona, Viva” izeneko kultur programaziorako dantzarekin loturiko zenbait jarduera proposatu dizkio udalari biltzarrak. "Proposamen hau osasun-arauak kontutan hartuta egin da. Bada, aste honen hasieran, Iruñeko Udalak gure proposamenari emandako erantzuna jaso dugu: bertze behin ere, hurbileko kulturak, kultura biziak, dantzak, bazterrean utzi dira eta ez dute lekurik Iruñeko Udalak antolatu duen egitarauan".
Gogora ekarri dutenez, ondare immateriala babestea Administrazioaren betebeharra da, 2030 agendan markatutako Garapen Jasangarriko Helburuen baitan. "Hau da, ez gara ezer eskatzen ari, Gobernuak eta gainerako erakunde publikoek beren betebeharrak betetzea aldarrikatzen dugu", argitu dute. Nafarroako Dantzarien Biltzarrak Nafarroako 88 talde federatu biltzen ditu.