Kasuen igoera berria Nafarroan, 122 positiborekin

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 4a, 09:36

Igandean baino hamazazpi kasu gehiago atzeman dituzte Nafarroan, baina duela astebete baino zortzi gutxiago, eta duela hamalau baino 33 gutxiago. Beraz, bilakaera baikorra da. 

Nafarroak 122 koronabirus kasu positibo berri atzeman zituen atzo, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren datuen arabera. Aurreko egunean baino hamazazpi kasu gehiago izan ziren (igandean 105 erregistratu zituzten), baina begirada atzerantz kokatuta, alderaketa baikorra da: duela zazpi egun baino zortzi gutxiago  izan dira, eta bi aste lehenago baino 33 gutxiago.
 
Iruñeko Arrotxapea auzoak zortzi kasu pilatu ditu, eta haren atzetik daude Barañain (zazpi), Caparroso (sei) eta Buztintxuri (sei).
 
Osasun sistema publikoan egindako 2.402 proben (1.300 PCR proba eta 1.102 antigeno test) %5,1k eman dute positibo.

183 gaixo zeuden atzo COVID-19agatik ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino zazpi gutxiago; horietako 32 ZIU postuetan (atzo baino lau gutxiago). Atzo koronabirusarekin lotutako lau ospitaleratze izan ziren, horietako bat ere ez ZIUn, eta 49 urteko gizonezko bat hil zen. Nafarroan, guztira, 1.172 heriotza baieztatu dira.

Nafarroako txertaketa-prozesuari dagokionez, atzo 5.294 dosi eman ziren, hau da, 260.620 txerto jarri dira guztira orain arte Nafarroan. Horietatik 79.232 pertsonak hartu dute txertoa osoki.

Foru Erkidegoa aste garrantzitsu batekin hasiko da, igandean agortuko baita alarma egoera, eta ez dirudi berriro ezarriko dutenik. Egoera honetan, kutsatze kopuruak gora egin du asteburu honetan beherakada nabarmena izan eta gero (igandean105 kasu izan ziren, eta larunbatean 106); baina baiezta daiteke bihurguneak beherantz egiten jarraitzen duela.

Aldaera britainiarraren nagusitasunak bilakaera epidemiologikoa baldintzatzen jarraitzen du, eta ez du uzten bihurgunea guztiz apaltzen; hala ere, aurreko olatu batzetan baino lauagoa da, eta denboran luzeagoa.
 
Nafarroak %15 jaitsiera izan du positiboetan, 983 eta 1.161, hurrenez hurren, eta mila infekziotatik jaitsi da, azken bost asteetan lehen aldiz. Martxoaren 15etik 21era bitarteko astetik ez zen horrelakorik gertatu, 612 kasurekin; baina %5etik gorako positibo tasarekin jarraitzen du (%5,81); ezin da ahaztu Osasunaren Mundu Erakundeak %5eko langa ezartzen duela birusaren bilakaera kontrolpean dagoela ulertzeko.
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!