m1

Aldaketa baten beharra kalera aterako dute M1an

Euskalerria Irratia 2021ko api. 30a, 13:16

LABek herriz herri deitu ditu mobilizatzera langileak. ELAk, ESKk, Steilasek eta CGTk Iruñean eginen dute protesta eguerdian. Arratsaldean, berriz, M1 Soziala izeneko deialdi bateratua eta Kontseilu Sozialista aterako dira kalera.

Iruñea aukeratu du ELA sindikatuak protestarako. Sindikatuaren ustez, "pentsio publikoen aldeko apustua egiteko eta lan erreforma bertan behera uzteko unea da, lan hitzarmenak hemen negoziatu ahal izateko eta enplegua suntsitzea saihesteko". Hori dela eta, maiatzaren 1eko manifestazioan parte hartzeko deia egin du sindikatuak, "kalean eta lantokietan presioa egiten jarraitzen badugu bakarrik izango baitira posible aldaketak". ELAk Iruñean deitutako manifestazioa 11:30ean abiatuko da Gurutze plazatik. Martxaren ibilbidean zehar egingo diren bi kontzentrazio gehituko dira, "funtsezkoak eta feminizatuak" diren bi sektoreri babesa emateko, hala nola garbiketen sektoreari eta egoitzen sektoreari.

Hainbat herritan deitu langileak kalera, berriz, LAB sindikatuak. "Aldaketa da aukera. Zaintza, lana, bizitza, herria!” lelopean, Iruñean ez ezik, Altsasun, Azkoienen, Elizondon, Lizarra, tafallan eta Tuteran eginen ditu mobilizazioak LABek. “Maiatzaren Lehena aldarrikapenerako eta klase harrotasuna erakusteko eguna dugu, norabide aldaketa  jomuga izateko”, adierazi du sindikatuak. “Sistema honi ezin baitzaio eutsi, ez sozialki, ez ekologikoki. Aldaketak saihestezinak dira. Eta, beraz, jokoan dagoena, eztabaidagai dagoena, aldaketa horiek zein norabidetan egin behar diren da, eta horretara bideratu behar dira politika publikoak”.

CGT, Steilas eta ESK sindikatuek "Bizitza duinen alde. Lanen eta aberastasunaren banaketa" lelopean eginen dute protesta. Sistemarekin "nazkatuta" daudela adierazi dute eta berreraikuntza soziala beharrezkoa dela aldarrikatuko dute. Hitzordua Iruñean 12:00etan izanen da Baratxurien Plazan.

M1 Soziala izenpean aldarrikapen ugari dituzten gizarte-erakundeen manifestazio bateratua izanen da arratsaldean. Manifestazioa arratsaldeko 17:30ean abiatuko da Iruñeko Baluarte Plazatik, eta 22 taldek sinatu dute deialdia; besteak beste, PAH, Sos Arrazakeria, M8ko plataforma eta beste kolektibo feminista batzuk, Ernai, Gazte Komunistak, AHT Gelditu edo Ekologistak Martxan, besteak beste. ESK, LAB, CGT eta Steilas sindikatuen babesa dute.

Kontseilu Sozialistak eta Lan Autodefentsa Sareak ere Iruñea aukeratu dute protestarako. Manifestazioa egingo dute 18:00etan Sarasate pasealekutik abiatuta. Azken hamarkadetan ezarri diren erreforma eta neurriek "langileen egoera okertu" dutela adierazi dute, eta proletargoaren egungo arazoak "erakunde komunistaren bitartez soilik konpondu" daitezkeela aldarrikatuko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!