Aireko armadako hegazkin batek herriratuko du David Beriain

Euskalerria Irratia 2021ko api. 28a, 13:02

Artaxoako udalak hiru dolu egun deklaratu ditu. Nafarroako Gobernuak, berriz, Karlos III.a Noblearen Gurutzea emango dio Beriaini. Legez kanpoko ehizari buruzko dokumental bat grabatzen ari zela hil zuten Burkina Fason.

Aireko Armadako hegazkin batek herriratuko ditu, David Beriain eta Roberto Fraile, Burkina Fason talde armatu baten erasoan hildako bi kazetariak. Espainiako Defentsa Ministerioko eta Kanpo Arazoetako Ministerioko iturriek azaldu dutenez, beharrezko izapide guztiak egin bezain laster izanen da. Aireko armadak hegazkin bat du prest horretarako.

Bi erreportarien gorpuak Burkina Fasoko hiriburura eraman zituzten atzo, autopsia egiteko. Han dago Espainiak Malin duen kontsula, bi kazetariak aberriratzeko izapideak hasteko. 

Gobernuak esan duenez, familiak "unean-unean informatuta" jarraitzen du enbaxadatik, Kanpo Arazoetako Ministeriotik, Europar Batasunetik eta Defentsa Ministeriotik egiten ari diren kudeaketei buruz.

Nafarroako Gobernuak, hil ondoren, Karlos III.a Noblearen Gurutzea emango dio David Beriaini. Foru Komunitatearen garapenean, proiekzioan eta prestigioan ekarpen nabarmena egiten duten pertsonak aintzatetsi nahi ditu.

Artaxoako Herriak "bere egunik tristeenetako bat" bizi du gaur. Izan ere, kazetariak beti mantendu zuen herriarekiko lotura, eta nabarmendu ohi zuen ez zuela bere ibilbide profesionala herri hori gabe ulertzen, Alkateak adierazi du herria samindurik dagoela, Beriainek lotura sendoa zuelako herriarekiko.

Udaletxeko banderak haga erdian jarri dituzte, eta gaur elkarretaratzea egingo dute haren omenez, 20:00etan; aurrerago aztertuko dute agur ekitaldi bat egitea. Udala atzo arratsaldean bildu zen hiru dolu egun deklaratzeko.

Kazetari nafarraren eta haren kidearen hilketaren albisteak sareak astindu ditu. Kazetariek, politikariek, kulturgileek zein pertsona anonimoek adierazi dute haien samina heriotza hauengatik.

Kazetaritzarentzat, noski, kolpe gogorra izan da. Beriain kide eta lagun zuten profesional askok beren atsekabea adierazi dute, hala nola Mikel Ayestaranek edota Mikel Reparazek; eta hainbat taldek ere atera dituzte agiriak, hala nola Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak, Euskal Kazetarien Elkarteak edota Kazetarien Nazioarteko Federazioak.

Politikaren arloan, besteak beste EH Bildu, Geroa Bai, Navarra Suma, Ahal Dugu, Ciudadanos, EAJ, PP, PSN eta UPN alderdiek dolumin mezuak zabaldu dituzte sare sozialetan; eta izen propio nabarmenduek mezuak idatzi dituzte, hala nola Espainiako Presidente Pedro Sanchezek edo Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!