David Beriain kazetari nafarra hil dute Burkina Fason

Euskalerria Irratia 2021ko api. 27a, 14:29

David Beriain kazetaria, Kolonbian, dokumental baten grabazioan.

Bi kazetari euskal herritar eta irlandar bat bahitu zituzten atzo Burkina Fasoko ekialdean. Dokumental bat grabatzen ari ziren ezkutuko ehizaren inguruan.

Bi kazetari euskal herritar eta irlandar bat bahitu zituzten atzo Burkina Fasoko ekialdean eraso bat jasan ostean, Burkina Fasoko Armadako iturriek Efe albiste agentziari jakinarazi diotenez. Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Arantza Gonzalez Laia Kanpo Arazoetako ministroak esan du profesional horiekin bat egingo luketen bi gorpu aurkitu dituztela, zehaztuz "azken baieztapen baten faltan" daudela.

Gonzalez Layak azaldu duenez, hildako kazetarien identitatea bat dator D. B. (Iruñekoa) eta R. F. (Barakaldokoa) siglekin. Roberto Fraile kamaralaria zen. Ministroaren arabera, 40 pertsona inguruko talde batekin zeuden Burkina Faso Parke Natural batean. Gune "arriskutsua" zen, "terroristen, isileko ehiztarien eta bidelapurren ohiko gunea". 

Antza denez, Burkina Fasok ezkutuko ehiza nola babesten duen aztertzen ari ziren kazetariak, gobernuz kanpoko erakunde batekin. "Gertatutakoari buruzko informazioa nahasgarria da. Agintariekin etengabeko harremanetan egon gara. Azken une hauetan, hilotzak kazetariekin bat datozela baieztatuko litzateke ", ziurtatu du. Gertakaria Pama inguruan jazo zen.

Artaxoakoa zen David Beriain (1977), eta 2002tik gatazka armatuen inguruko erreportajeak egiten zituen hainbat herrialdetan. Irak, Afganistan, Sudan, Kolonbia edo Pakistanen lan egin du. Enpresari bihurtu zen eta bere ekoiztetxea zuzentzen zuen, 93 Metros, Rosaura Romero emaztearekin. 2008ko martxoan FARCen kanpamenduetan bideo kamera batekin sartzea lortu zuen erreportari bakanetako bat izan zen. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!