Iaz egin zituzten jardunaldi hauek lehen aldiz. Kontsumoaren eta transmisioaren etenaren inguruko kezketatik abiatuta, teknikarien, sortzaileen, erakundeen eta beste hainbat eragileren arteko gogoeta partekatua egin zuten, eta orduan ezarritako ildoak garatzea izango da, hain zuzen ere, aurtengo jardunaldien helburua.
Aurten bi saiotan egingo dituzte jardunaldiak; maiatzaren 28an Atarrabian, eta uztailaren 1ean, Leitzan. Lehenengoan ikusgarritasunaren eta prestigioaren gaiak landuko dituzte, eta bigarrenean, berriz, lurraldea eta kulturaren arteko lotura.
Maiatzeko jardunaldian, Oskia Ugartek prestigioaren inguruko hitzaldi bat emango du; Iratxe Retolazak euskal kultura eta hezkuntzaren ingurukoa; eta Oihana Iguaran eta Eli Pagolak, bertsolaritza berritzeko prozesuaz.
Uztailekoan, Lorea Agirrek euskal kultura zer den izango du hizketa gai, Arantza Santestebanek pertsonen arteko kultur harremana eta garapena; eta Marc Badalek, kultura eta landa garapena.
Eta batean zein bestean, Jon Abrilek gaiari lotutako gogoeta bat gidatuko du. Jardunaldietan izena emateko aukera dago jadanik, hariizpiahartzen.eus webgunean.