Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak emandako datuen arabera, atzo 130 kasu positibo berri atzeman zituzten COVID-19agatik, osasun sistema publikoan 2.358 proba (1.124 PCR proba eta 1.234 antigeno test) egin ostean. Positibotasun tasa %5,5ekoa izan da.
Azken asteko datuei begiratuta, behera egiten ari da zenbatekoa. Astelehenean 155 kasu atzeman zituzten (%5,9ko tasa), 196 asteartean (%7,1), 184 asteazkenean (%7,7), 190 ostegunean (%7), 165 ostiralean (%5,3), 143 larunbatean (%6,8) eta 128 igandean (%7,8).
Burlata, hamar positiborekin, da udalerri eta osasun eremuen artean kasu gehien izan dituena. Ondoren doaz Funes (zazpi), Iruñeko Donibane auzoa (sei), Sarriguren eta Iruñeko Alde Zaharra (bost), eta Zizur Nagusia, Lizarra eta Barañain (lau).
Bestalde, atzo 203 gaixo zeuden COVID-19agatik ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino zazpi gehiago. Horietako 40 ZIU lanpostuetan (atzo baino bi gehiago). Atzo 22 pertsona ospitaleratu zituzten, horietako bat ZIUn, eta bi pertsona hil ziren: 74 urteko gizon bat eta 79 urteko emakume bat. Nafarroan 1.160 heriotza baieztatu dituzte guztira.
Aldaera britainiarraren eragina
Nolanahi ere, oraindik ezin da baieztatu pandemiaren laugarren olatua nabarmen jaitsi denik, eta bilakaera epidemiologikoaren adierazleek arrisku maila oso altua erakusten dute. Askoz kutsagarriagoa den Britainia Handiko aldaeraren eragina aurreko aldietan baino motelagoa izaten ari da, eta ospitaleko presio handia mantentzen da.
Txertaketa prozesuari dagokionez, astelehen honetan 4.749 dosi eman dituzte, eta 223.100 txerto inokulatu dituzte. Atzo emandako dosiekin, 65.169 pertsonak osatu dute txertoa.