EH Bilduko Nafarroako arduraduna izateko hautagaitza aurkeztu du Miren Zabaletak

Euskalerria Irratia 2021ko api. 26a, 19:48

EH Bilduk urtarrilean hasiko zuen II. Kongresuaren prozesua. Maiatzean amaituko da, zuzendaritza berria aukeratuta. Bateragune auziko epaiketaren errepikapenaren zain dago Zabaleta.

EH Bildun egiten ari diren II. kongresuaren prozesuaren baitan Nafarroako arduradun politikoa izateko hautagaitza aurkeztu du Miren Zabaletak (Iruñea,1981). "Ilusioz, gogoz eta erantzunkizunez ematen dut pausu hau", azaldu du. Lanbidez, abokatua, 2016 eta 2018 bitartean Sortuko Nafarroako koordinatzaile eta bozeramailea izan da Zabaleta. 2009. urtean espetxera sartu zuten Bateragune auzian eta 6 urtez egon zen preso. Azaldu duenez, hainbat bilkideren bultzada jasota eman du hautagaitza aurkezteko urratsa.

2015an atera zen Valladolideko espetxetik, zigorra osoki beteta. 2018an Europako Giza Eskubideen Epaitegiak epaiketa justua izan ez zela ebatzi zuen eta 2019an Espainiako Auzitegi Gorenak zigorra anulatu zien. Iazko abenduan, baina, aho batez erabaki zuen Gorenak Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez berriro epaitzea, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Estrasburgok baliogabetutako epaiketa bat errepikatzen den lehen aldia da.

Ohar bidez eman du hautagaitzaren berri Zabaletak, sare sozialetan. Datozen hamarkadan "erronka kolosalak" gainditu beharko direla uste du politikariak: "Munduko txoko honetatik gure ondorengoei zibilizazio hobeago bat uzteko hazia ereiteko erantzukizuna dugu". Demokrazian, justizia sozialean eta naturarekiko harreman bizigarrian oinarritutako Nafarroa burujabe bat helburu, EH Bilduren proiektuarekin bat egin dezaketen herritarrak erakarri nahi ditu Zabaletak. "Nafar jendartearen balioek eta lehentasunek gero eta antzekotasun handiagoa baitute proposatzen dugun nafartasun demokratiko eta aurrerazalearekin", argudiatu du. UPNrekiko alternatiboak diren gehiengoak eraikitzeari bide eman dio koalizioak, haren ustez.

 

 
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!