ELAk "aldaketa garaia" dela aldarrikatuko du Maiatzaren Lehenean

Euskalerria Irratia 2021ko api. 26a, 13:41

ELAk manifestazioa egingo du larunbatean Iruñean. Aldaketa "kalean eta lantokietan presioa" eginez lortuko dela ohartarazi du sindikatuak.

Sindikatuaren ustez, "pentsio publikoen aldeko apustua egiteko eta lan erreforma bertan behera uzteko unea da, lan hitzarmenak hemen negoziatu ahal izateko eta enplegua suntsitzea saihesteko".

Hori dela eta, maiatzaren 1eko manifestazioan parte hartzeko deia egin du sindikatuak, "kalean eta lantokietan presioa egiten jarraitzen badugu bakarrik izango baitira posible aldaketak".

ELAk Iruñean deitutako manifestazioa 11:30ean abiatuko da Gurutze plazatik. Martxaren ibilbidean zehar egingo diren bi kontzentrazio gehituko dira, "funtsezkoak eta feminizatuak" diren bi sektoreri babesa emateko, hala nola garbiketen sektoreari eta egoitzen sektoreari.

Imanol Pascual Nafarroako ELAko koordinatzaileak eta Saioa Urriza eskualdeko arduradunak astelehen honetan aurkeztu dute mobilizazioa, baita aurtengo "aldaketa garaia da" kartela eta leloa ere.

Urrizak azpimarratu duenez, "pandemiak inoiz baino gehiago agerian utzi du aldaketa sozialak egiteko premia larria, milaka pertsonaren osasuna eta egoera ekonomikoa jokoan daudelako (batez ere emakumeena) eta desberdintasun sozialak gero eta larriagoak direlako".

Bestalde, Imanol Pascualek ohartarazi duenez, "Europako funtsen tranparen aurrean gaude". "Funts horiek murrizketak eragingo dituzte", izan ere, "Bruselak emandako aginduei jarraituz, Espainiako Gobernuak pentsioak murriztu eta erretiroa hartzeko aukera atzeratu nahi du".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!